Haritz Larrañaga, Marcel Pena, Aitor Agirrezabal

Euskarak errealitate oso ezberdinak bizi ditu bere herrian

Euskarak Nafarroan, Ipar Euskal Herrian edo EAEn bizi duen egoerak ez du zerikusirik, ezta bere baitako hizkuntza politikek ere. Euskaraldiak, baina, guzti horietan eragitea ere badu jomuga.

Euskarazko haur eskolek Iruñean bizi duten egoera salatzeko mobilizazioa. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)
Euskarazko haur eskolek Iruñean bizi duten egoera salatzeko mobilizazioa. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Ipar Euskal Herria: egonkortasunetik urrats berriak ematera

Euskarak bultzada nabarmena jaso zuen Euskal Hirigune Elkargoaren sorrerarekin. Ipar Euskal Herrian euskara ez da ofiziala, Estatu frantsesak ez baitu frantsesa ez den beste hizkuntzarik onartzen. Ordea, 2018ko ekainaren 23an adierazpen garrantzitsua egin zuen Euskal Hirigune Elkargoak, izan ere euskarari legez ofizialtasunik emateko eskumenik ez duen arren, hizkuntza politikaren lehen egitasmoa aurkeztearekin batera, euskara eta okzitaniera (gaskoia) lurralde hizkuntza gisa aitortu baitzituen, betiere legeak ezartzen duen moduan, frantsesaren ondoan.

Bilkura berean, Elkargo Kontseiluak euskararen aldeko hizkuntza politika proiektua onartu zuen, «Euskara jalgi hadi plazara» egitasmoa, zeienek zerbitzuetan eskaintza elebiduna egitea proposatu zuen.

Euskarari babes ofiziala eman ostean, Elkargoak izan zuen lehen erronka euskara zerbitzua ezartzea izan zen. Horrekin batera, Euskararen Erakunde Publikoaren lan esparrua eta Elkargoarena bereizi zituen, bakoitzaren egin beharrekoak zeintzuk diren zehazteko.

Edonola ere, bi erakundeen arteko lotura eta elkarlana ekidin ezinak dira eta horren adierazle da EEPko lehendakari berriaren izendapena. Urriaren 15ean hartu zuen postua. Curutcharry Euskal Elkargoko lehendakari ordea ere bada eta bere ardura nagusia Ipar Euskal Herriko hizkuntza politika kudeatzea da. Hurrengo sei urteetarako «erronka nagusia euskara errotu eta normalizatzea da».

Datozen urteetarako eman beharreko urratsak zehaztu ditu Elkargoak eta egun dituen erronka estrategikoak hiru dira: Transmisioa, erabilpena eta sustengu funtzioak. Lan eremu hauek elkar gurutzatzen dira sarri, baina guztiak norabide berean doaz, hau da, euskararen jakintza, erabilera eta presentzia handitzea dute helburu.

Transmisioaren atalean, eskolatik hasita, irakaskuntzako atal bakoitzean erronkak eta baliabideak zehaztu ditu Euskal Elkargoak, baita helduen norbanako euskalduntzea sustatzeko ere.

Aisialdi denboran ikasleek euskara erabil dezaten lan egiten duen elkartea ere babesten du. Transmisioa ikasgeletatik harago sustatu behar dela iritzita, Euskaraldiarekin bat egin du.

Euskararen erabilerak arlo desberdinetan presentzia izan behar duenez, erakunde publikoen zerbitzuetan euskararen presentzia handitzeko bitartekoak eskaintzea da erronketako beste bat. Langileak formatu egin behar dira herritarrei euskaraz erantzun ahal izateko, argitaratzen diren testuak eta karriken izenak euskaratu behar dira, afixak itzuli... Lan hori egiteko bitartekoak eskaintzea da Elkargoaren asmoa, alegia, «sustengu  funtzioak» betetzea.

Era berean, herriko etxe eta erakunde publikoek euskaraz jardun ahal izateko formakuntza profesionala, itzulpenak, informazio eta sentsibilizazio estrategia, ebaluazio dispositiboa, eta mugaz gaindiko lankidetza antolatu ditu. Finean, baliabideak eskaintzea.

Euskararen erabilera egokia bermatzeko tresnei dagokienean, Euskaltzaindiarekin eta arlo digitala lantzen dutenekin elkarlanean ari dira, sareetan euskara txertatuz, hiztegi elektronikoak eta euskarazko aditzak jokatzen laguntzeko tresnak eskainiz...  Helburu nagusia, Curutcharryren esanetan, «euskararen presentzia eta hiztunak ikusgarri bilakatzea da eguneroko bizian».

Mugaz gaindiko elkarlanak garrantzia handia du Euskal Elkargoaren egitasmoan. 2017ko martxoaren 21ean sinatu zen Lakuaren Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren eta Euskararen Erakunde Publikoaren arteko Hizkuntza Politika gaietan jarduteko hitzarmena’, urtero berritzen da eta 2022. urtera arte luzatuko da gutxienez. Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua ere atxiki da egitasmora eta hiru erakundeen arteko lankidetza iraunkorra da.

EAE: euskaraz hitz egiteko aukerak sortu

EAE oso lurralde anitza da euskararen erabilerari dagokionez. Ildo horretatik, Miren Dobaranek, Lakuako Gobernuko Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, euskaraz hitz egin ezin dutenei aukera bat eskaintzea erakundeen betebeharra dela. «Leku batzuetan era natural batean bizi dira euskaraz. Beste leku batzuetan, berriz, oraindik ez gara kapazak, gizarte moduan, aukera hori emateko eta erakundeok bideratu behar dugu».

Honen hitzetan, EAEko hizkuntza politikaren arrakasta handienetako bat «25 urtetik beherako gazte ia guztiak euskaldunak izatea» da. Sailburuordeak, baina, onartzen du kasu askotan gazte horiek, batez ere «hiri eta herri handietan bizi direnek», euskararekin duten harreman bakarra esparru akademikoan dela, eta, beraz, atxikimendua ez dela oso handia. Hori zuzentzeko nerabeek eskolako betebeharretatik kanpo euskararekin gozatzeko aukerak ematea proposatzen du.

Herritarren hizkuntza-eskubideei dagokienez, sailburuordeak esan du 2022rako konpromisoa «euskarazko arreta bermatzea dela». Arreta hori EAEko bi hizkuntza ofizialetan eskaintzea da helburua.

Eremu pribatuan, erakundeek, Euskalgintzako enpresa eta aholkulariekin batera, «Euskara Eremu Sozioekonomiko Sustatzeko Plana» prestatu dute. Programa honen bidez, eremu sozioekonomiko pribatuaren diagnostiko zehatza egin nahi da, lurraldeen arteko aldaerak eta kasu bakoitzean egokitutako helburuak kontuan hartuta. Kasu horretan, Gobernuaren eta Hizkuntza Politikaren Arloaren zeregina «laguntza ekonomiko eta teknikoa ematea» izango da, enpresek lan-eremuan euskara «modu naturalean» sar dezaten.

Dobaran sailburuordearen hitzetan enpresek gero eta gehiago lotzen dute kalitatezko zerbitzua euskararekin, eta hori «beharrezkoa da beren negozioetarako». Horregatik, plan sozioekonomikoaren helburuetako bat kontsumitzaileei establezimendu guztietan euskaraz hitz egiteko eskubidea daukatela adieraztea da. Hala ere, sailburuordeak azaldu du hizkuntza-ohiturak aldatzea asko kostatzen dela: «Badakigu zailena dela familiarekin eta lagunekin aldatzea. Orduan, egin besteekin aldaketa hori eta berba egin dezagun euskaraz dendetan, erakundeetan... Joan gaitezen entrenatzen apurka apurka. Ez da magia, gimnasia da».

Euskaraldia bezalako ekimenen zeregina da egoera horiek normalizatzea eta euskararen erabilerari buruzko kontzientzia kolektiboa aldatzea. Horrela, Sailburuordetzaren datuen arabera, 40 urtetik gorako 35.000 lagun baino gehiago doaz urtero EAEko euskaltegietara.

Emandako pausoak gorabehera, Dobaranek pandemiaren ondorioz «euskara galdu dela» onartzen du, eragin handiena izan duten eremuak ere euskaldunenak izan baitira, hala nola eskola, aisia eta kirola. Eta, beraz, hiztunberri askok galdu egin dute hizkuntzarekiko lotura. «Badakigu hizkuntza ahula eta gutxitua garela, eta egunero lan egin behar dugula honen alde», dio sailburuordeak.

Nafarroa; euskara bera auzibidean

Hitz eta asmoetatik haratago, «euskararen erabileran eta garapenean jauzi handi bat emateko» aurkeztu zuten Euskaraldia Nafarroan. Izan ere, «euskara» hitza gehien entzuten den lurraldeko txokoetako bat Iruñeko Auzitegia da.

Administraziotik hasita, ugariak dira euskal hizkuntzaren baitan bizirik dauden liskarrak. Eremu ez euskaldunean eta mistoan ere euskara meritu gisa hartu behar dela agintzen zuen euskararen dekretuak, Nafarroako Auzitegi Nagusiak agindu hori 2019ko urrian baliogabetu zuen arte, UGT eta SPA sindikatuek dekretuaren kontra jarritako helegiteari arrazoia emanez. Honela, Nafarroako bi herenetan ez da beharrezkoa euskara ezagutzerik lanpostu publikoetarako. Eta ez hori bakarrik, aurrerantzean, euskara meritutzat hartu edo ez deialdi bakoitzean erabakiko da. Javier Remirezek, Nafarroako lehendakariordeak, onartu zuen urtebeteren ostean ez dagoela aurrekoa ordezkatuko duen dekreturik. Parlamentuak egoeraren aurrean hartzen zuen jarrera bozkatzerakoan, PSN Navarra Sumaren alboan lerrokatu zen.

Eta agindu falta horrek badu eraginik dagoeneko praktikan. Hizkuntza Eskubideen Behatokiak ia deialdi guztietan euskaraz jakiteak ez duela punturik ematen baieztatu du. Soilik eremu euskaldunean puntuatzen dute Osasunbideak eta Foruzaingoak. Aldiz, frantsesak, ingelesak eta alemanierak Nafarroa osoan dute balio erantsia.

Euskaltzaindiarekin lankidetza akordioak sinatu ditu bai Parlamentuak bai Gobernuak berak ere, hizkuntzaren garapena, azterketa eta ikerketa normalizazioa eta horretan laguntzeko konpromisoa hartuz, baina auziei ez die aterabiderik topatu gaur gaurkoz.

Bestetik, euskarazko hezkuntza da ikusmiran jarri den arazo nagusietako bat. Sare publikoko D ereduan ez dago plaza askirik Nafarroan eta arazo hau txiki-txikienetatik hastean da. Navarra Sumak Iruñeko Udala berreskuratu osteko lehenbiziko neurrietako bat izan zen EH Bilduk egin zuen euskarazko haur eskolen kopuruaren bikoizketa bertan behera uztea. Eta ez soilik Joseba Asironen gobernuak ezarri zituen euskarazko haur eskolak gaztelerara itzultzea. Izan ere, 2014an UPNrekin zeudenak baino plaza gutxiago dago 0-3 urteko euskarazko murgiltze ereduan. Eta denak, hiriko iparraldean zokoratuta.

Era berean, Nafarroako Auzitegi Nagusiak uko egin zion Mendigorrian D eredua ikasteko eskubidea aldarrikatu duten ikasleek eskatutako kautelazko neurriei, Hezkuntza Departamentuak Julian Maria Espinal Olcoz ikastetxean D eredua ez duela jarriko erantzun ostean. Beraz, eskaria egon arren, aurten eskaintzarik ez.

Hiru lurralde administrazio ezberdin eta euskarak hiru errealitate ezberdin. Euskaraldia baina, guzti hauetan egokitu eta aurrerapausoak emateko egitasmo bezala iritsi da.