Ane Urkiri

Txalapartaren doinuak hitz bihurtuta, Artze hil ondorengo lehen liburua editatu du Elkarrek

Joxan Artzeren testuekin osatutako ‘Txalaparta, tradizioaren abaroan’ liburua editatu eta argitaratu du Elkarrek. Urtarrilean hiru urte beteko dira Artze zendu zenetik eta hil ondorengo bere lehen liburua argitaratu du argitaletxeak.

Urtarrilean hiru urte beteko dira Artze zendu zenetik. (Gorka Rubio | FOKU)
Urtarrilean hiru urte beteko dira Artze zendu zenetik. (Gorka Rubio | FOKU)

Txalapartaren doinura idazten duen idazle bihurtuta idatzi zituen Joxan Artzek ‘Txalaparta, tradizioaren abaroan’ liburua osatzen duten testu eta poesiak, Elkar argitaletxearen esanetan.

Hitzaurre bat izan behar zuena, prosa eta poesia liburu bilakatu zen Artzeren barnean, «arnas luzeko gizona zelako» eta «hitzaurrea mugatuegia zelako berarentzat, eta zer esanik ez txalapartaren ingurukoa izanik», adierazi du liburuaren aurkezpenean Antxiñe Mendizabal editoreak.

Joxan eta Jesus Artze anaiek, 60. hamarkadan, txalapartaren hedapenean lan handia egin zutela nabarmendu du Mendizabalek. Txalaparta «garaikide bihurtu» zutela zenbait lanekin, eta belaunaldi berriek musika tresna hau ezagutu eta berrinterpretatzeko garrantzi handiko lanak argitaratu zituztela. «Beraiek izan ziren lehenak txalapartaren balio sinbolikoaz jabetu eta Euskal Herriko eszenatokietara eraman zutenak», gogoratu du editoreak.

Geroztik hamarkada asko pasa badira ere, argitaratu berri den liburu hau, «bilduma horren osagarri» izan daitekeelakoan da Mendizabal eta, bere esanetan, Artzerik «poliedrikoena» aurkituko du irakurleak ‘Txalaparta, tradizioaren abaroan’ obran.

Prosarekin hasi, poesia huts bilakatzeko

Liburuaren barneko tripak azaltzerako orduan, Artzek txalapartarekin zuen sentikortasunaren isla izan daitekeelakoan da Elkarreko editorea. Prosarekin hasten da, txalaparta zer zen, nolakoa zen eta beste hainbat kontu azaltzen. Bigarren atalak balio sinboliko askoz handiagoa dauka eta jada poesiara egiten du jauzi. Azken atalean, espiritualtasunarekin egingo du topo irakurleak. Zuhaitza eta zaldiaren paralelismoekin jokatzen du Artzek, berarentzat zaldiak nahigabe egiten baitzuen ‘ttakun’ bere lau oinekin, eta gizakiak nahita lau eskuekin. 

«Bere pentsamendua jarraitzea ez zen batere erraza», onartu du Mendizabalek. Normalean, lan osatuak bidaltzen zituela eta editorearen lana txikia izaten zela adierazi du eta, horregatik hain zuzen ere, idazkiak bere horretan argitaratzeko erabakia hartu zutela azaldu du.

«Irakurleak noizik eta behin aurkituko ditu esaldi amaigabeak, zalantzazko puntuazio-markak, zuzendu gabeko hitzak, maketazio-akatsak… bere horretan utzi nahi izan dugu, perfekzio eta zuzentasun ezak ere baduelako edertasuna, eta batez ere, egiazkotasuna», argitu du.

Hala, Mendizabalek ñabartu du ez dela liburu amaigabe bat, baizik eta «amaierarik ez duen liburu bat» da. «Kolpeen arteko isiltasunak kokatuko du irakurlea orain eta hemen, denboraren mugagabetasuna antzeman daitekeen lurralde misteriotsuan», jasotzen du argitaletxearen sinopsiak.

Urtarrilean, hiru urte zendu zela

Urtarrilaren 12an hiru urte beteko dira Joxan Artze zendu zela, «eta taupaka jarraitzen du». ‘Txalaparta, tradizioaren abaroan’ izan da bera hil ondoren argitaratu den lehen liburua baina Mendizabalek azaldu du hamarnaka testu utzi zituela Artzek, eta «batek daki zer gertatuko den lan horiekin».

Hala, bere alargun Karmen Estebani eskerrak eman nahi izan dizkio txalapartaren inguruko obra hau argitaletxeari emateagatik: «Artzek Karmeni eman zion opari eta Karmenek guri helarazi digu oparia».

Duela 8 edo 10 urte eskatu zitzaion txalapartari buruzko hitzaurre bat egitea eta bere bizitzaren azkenera arte lan honekin jarraitu zuela azpimarratu du Mendizabalek, «berarentzat txalaparta hotsa eta isiltasunaren arteko doinu amaigabea baitzen»

Barneko lanari osotasun bat emate aldera, «edukia bezainbeste zaintzen duen forma eta estetika» eman dio argitaletxeak. Hala, azala egurrezkoa ez bada ere, «egurra imitatzen du, liburua esku artean goxatzeko».