NAIZ

Sarek eta Etxeratek presoen aldeko kontzentrazioak batera deitzea erabaki dute

Sarek eta Etxeratek elkarrekin antolatuko dituzte azken ostiraletan euskal presoak Euskal Herriratzeko egin ohi diren kontzentrazioak. Elkarteek positiboki baloratu dituzte azken presoen mugimenduak, baina salbuespenezko politika amaitzeko eskatu dute.

Sarek eta Etxeratek Gasteizen egindako prentsaurrekoa. (Gotzon ARANBURU/FOKU)
Sarek eta Etxeratek Gasteizen egindako prentsaurrekoa. (Gotzon ARANBURU/FOKU)

Azken ostiraletan egin ohi diren presoak Euskal Herrira ekartzeko eta bakea eta elkarbizitza lortzeko kontzentrazioak batera deitzeko erabakia hartu dute Sarek eta Etxeratek. «Bizi garen unean merezi du ahaleginak batzea. Euskal gizartea da berriz ere estatuak eta gobernuak mugiarazten dituen motorra», adierazi dute antolakundeek.

Sarek eta Etxeratek dei egin diete euskal gizarteari eta gobernuei «euskal gizartearen nahiaren bidea oztopatzeko eta hondatzeko nahia dutenei horrelakorik egiten utz ez diezaieten» eta «hainbat arlotan lan egiten» jarraituko dutela jakinarazi dute.

Presoak Euskal Herrira ekartzeko mugimenduei dagokienez, Sarek eta Etxeratek «positiboki» baloratzen dituzte, baina, aldi berean, adierazten dute «mugitutako preso horietako gehienak ehunka kilometrotara daudela oraindik; 18 presok espetxean jarraitzen dutela gaixotasun larriak izan arren; eta Espainiako espetxeetan dauden 172 presoetatik, 127 lehenengo graduan daude oraindik ere, eta, beraz, aske izateko helburuarekin euskal presoek bete bahi duten ibilbide juridikoa blokeatuta dago kasu gehienetan».

Zentzu honetan, euskal presoei eta haien familiei aplikatzen zaien salbuespenezko erregimenaren amaieraren hasiera eskatzen dute bi antolakundeok. «Orain arteko aldaketak ez die erantzuten Euskal Herriko gehiengo politiko, sindikal eta sozialaren eskakizunei. Espetxe-politikaren normalizazioa euskal preso guztiak Euskal Herrian daudenean emango da».