Iñaki Altuna
NAIZeko zuzendaria / director de NAIZ

NAIZ: aldaketa estetiko bat baino askoz ere gehiago

NAIZ eraldatu dugu aste honetan. Edo, hobeto esanda, aste honetan ikusi da eraldaketarako prozesu luze baten emaitza. Edo, hobeto esanda, emaitza horren zati bat ikusi da, zati hori oso deigarria izanda ere. Azken batean, joan zen asteazkenean, NAIZ berrituarekin (barkatu, eraldatuarekin) proiektu oso baten norabidea eta ezaugarriak erakutsi genituen jendaurrean. Ez da aldaketa estetiko soil bat izan, ezta gutxiagorik ere.

Aldagai eta faktore asko dago tartean, etxe barrukoak batzuk (gure erredakzioaren funtzionamendua goitik behera aldatu baitugu azken bi urteotan), gure etxean ekoizten diren produktuei dagozkie beste batzuk (gure eskaintza hobetzeko urratsak egingo dira datozen hilabeteetan ere) eta gure herrian bizi diren zalantza eta erronkei lotuak daude beste asko. Ezin dugu ahantzi NAIZen aldaketaren azken fasea pandemiaren erdi-erdian garatu dugula. Nola ahaztuko dugu, bada, kezkaz beteriko hilabeteak bizi izan ditugula eta biziko ditugula oraindik ere?

Hori gutxi ez eta, ibilbide hau abiatu genuenean harritzar handi bat bota ziguten bizkar gainera. “Egin”-ek Gizarte Segurantzarekin zuen eta GARAri bidegabe egotzi zitzaion zorra aktibatu zen orduantxe. Heriotza zigorra zirudien. Amaiera hogei urte betetzeko zegoen egunkariarentzat.

Zorra kitatu, baina ez odolustu ahaleginean

Gure akziodunen batzar batean nahiko argi azaldu zen: aurrera egiteko zor hori behin betiko lurperatu beharra zegoen, baina horretan soilik geratuz gero, odolustuta amaituko genuen berdin-berdin, indargabeturik, aurrera egiteko gaitasunik gabe.

Horregatik zen garrantzitsua, erresistentzia hutsetik harago, eraldaketaren egitasmoarekin segitzea; are gehiago, tematzea, erredakzioaren moldaketari ekiteko eta gure eskaintza berritzeko. Paperezko produktuak egiteko sortutako erredakzioa zen gurea, eta NAIZen sorrerak gauza asko aldatu bazituen ere, oraindik ere lan egiteko modua egokitu behar genuen garai berrietara, kazetaritza egiteko egungo moduetara. Etorkizuna izateko etorkizunean inbestitu beharra zegoen.

Proiektuaren xedea

Eta horretarako gure komunitatearen babesa izan dugu. Ez nolanahikoa, alafede. 10.000 harpide gehiago lortzea jarri genuen helburu, zorra atzean uzteko eta aurrera begira oinarri sendo bat jarri ahal izateko. Lortu berri da erronka, eta zorra kitatzeko ordainketa bakarra gelditzen da egiteko.

Gure komunitateari lotuak gaude, bistan da. Eta harentzat egin nahi dugu lan, baina ez modu endogamiko batean, gure komunitateak ondo baino hobeto ulertzen baitu proiektu honen xedea. Gure lana gizarteari zuzendua dago, eta lan hori egiteko jaso dugu horrenbesteko babesa. Informatu, iritzia eman eta eragina izan nahi duen proiektua da gurea, herri honetan dauden korapilo nagusiak askatzen laguntzeko eta askatasunean oinarritutako geroa eraikitzeko. Askatasuna hitz ederra da, benetan.

Misio bat dugu, eta hori da proiektu honi taupada ematen dion bihotza. Helburua ez da bizirik irautea, emaitzarik edo eraginik edukitzea batere axolarik gabe, geure buruari begira. Ez ginen horretarako jaio. •