NAIZ

‘Ehiza’ animaziozko lanak irabazi du film onenaren saria Euskal Zine Bileran

Euskal Zine Bilera jaialdiaren 43. edizioak irabazleak iragarri ditu. Aurkeztu diren hemeretzi lanen artetik, Bego Vicarioren ‘Ehiza’ pelikularentzat izan da film onenaren saria eta Aitor Mendilibar eta Ibon Goikorentzat zuzendaritza onenaren saria, ‘Irten barrura’ lanagatik.

‘Ehiza’ animaziozko filma da, zuri beltzean egindakoa.
‘Ehiza’ animaziozko filma da, zuri beltzean egindakoa.

Egoerak bultzatuta aurten on line egin den Zine Bilera jaialdiak 43. edizioaren ateak itxi zituen bart lan sarituen palmaresa iragarriz. Orotara hemeretzi film izan dira Lekeitioko hitzorduan parte hartu dutenak, eta den denak azaroaren 23tik 26era bitartean ikusi ahal izan dira zinebilera.eus orrialdean. Epaileek aditzera eman dutenez, «sekulako maila egon da». Genero eta izaera oso ezberdinetako lanak ikusi ahal izan dira jaialdian zehar eta, aniztasun horren bidez, «istorio ikusgarri eta interesgarriez gozatzeko aukera egon da», erantsi dute antolaketatik.

Baina jaialdi guztietan bezala, film horien guztien artean hiru izan dira gailendu direnak. Saridunak erabakitzearen arduradunak Aitor Oñederra, Erika Olaizola eta Mikel Rueda zinegileak izan dira eta erabaki oso zaila izan dela adierazi zuten. «Esperientzia eta ikus-entzunezko sektorearen ikuspegi zabala duten epaileek erronka handia izan dute film laburren artean onenak aukeratzeko».

Film onenaren saria Bego Vicarioren ‘Ehiza’ pelikularentzat izan da. Epaileek nabarmendu zutenez, «proposamen ausarta eta animazio lan ikusgarria da, rotoskopia teknika maisuki erabiltzen duena eta film osoan zehar erritmoa bikaina mantentzen duena». Hortaz, berarentzat 43. Euskal Zine Bilerako Urrezko Antzarra eta 1.900 euroko saria.

‘Ehiza’ animazio filma da, zuri beltzean egindakoa, eta Rafa Ruiz Balerdi artista donostiarrak 1969an egindako ‘Homenaje a Tarzán’ film laburraren jarraipena izan nahi du, lan hori izanik lehenengotariko euskal animazio filmetako bat.

Zuzendaritza onenaren saria, bestalde, Aitor Mendilibar eta Ibon Goikoren ‘Irten barrura’ filmarentzako izan da. Epaileek nabarmendu zuten bezala, «begirada berezi eta erakargarria aurkezten duen filma da». Lanak 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra eraman ditu.

Gidoi onenaren saria, Imanol G. Gurrutxagaren ‘Nigandik’ lanarentzat izan da. Isiltasun eta begiradekin errealitate garden bat aurkezten duen filmak, «naturaltasun handiz familia arteko harremanak» adierazten dituela azpimarratu dute epaileek. Berarentzat 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra.

Azkenik, ikusleek astean zehar emandako botoen bidez EiTB Ikusleen saria ‘Nigandik’ filmari eman zaio. Era berean, epaileek aipamen berezia egin zioten Ekain Albiteren ‘Haizearen egia’ lanari «saharar eta euskal kulturaren arteko talka hain ondo azaltzeagatik».

Ekitaldian beste protagonista Pascal Gaigne izan zen. Euskal zinemagintzaren figura eta ekimenak omentzeko asmoz, Euskal Zinemaren Begirada musikariarengan jarri du 43. edizioak. Egileak urteetan zehar euskal zineman egin duen ekarpena omendu eta bere lana ezagutu eta aitortu nahi izan diote.

Irabazleen lanak, ikusgai

Palmaresa ezagutzera eman den arren, jaialdiak igande honetarako baditu proposamen batzuk bere web gunearen bidez. 16.00etan hainbat eragileren arteko solasaldia aurkeztuko da, bertan Zinegin festibala, Zine-lab proiektua, (H)emen elkartea eta Euskal Zine Bilerako ordezkariak izango dira. 17.00etan ‘Euskal gatazka euskal zinemagintzan’ lanaren bueltan hitzordua dago eta Euskal Zine Bilerari amaiera emateko, 19.00etan, palmaresaren proiekzioak emango dira 43. edizio honetako irabazleen lanak eskainiz.