Andoni Arabaolaza

Neguan overbooking-a izango ote da K2 mendian?

Beste bi espedizio saiatuko dira urtaro horretan oraindik igo gabe dagoen azken zortzimilakoa eskalatzen. Bat Mingma Gyalje Xerpak lideratuko du eta bestea Nirmal Purjak, biak nepaldarrak.

Guztiz harrigarria da, baina hamalau zortzimilakoetatik neguko igoerarik ez duen bakarrak, K2 mendiak (8.611 m), lau espedizio jasoko ditu aurten. Urte asko bisitarik gabe egon da, baina azken urteotan neguko jardun horietan aldaketa handiak izan dira. Batez ere, kontzeptualki zein ekonomikoki.

K2 edo Chogori-ri dagokionez, lasai asko aitor genezake egun ez dela poloniarren “mendia”. Haiek izan dira saio gehien egin dituztenak, baina gero eta alpinista gehiago dira zortzimilako horren aldeko apustua egiten dutenak. Eta, bestetik, mendiko agentziek indar handia hartu dutenetik, esan daiteke ia “edonor” joan daitekeela erraldoi horietara. Tartean, K2-ra.

Igotzeke dagoen azkena denez, konpreni daiteke K2 alpinista askoren helburua izatea. Seven Summit Treks agentziak zein John Snorrik lideratuko dituztenak lehenak izan ziren asmo horien berri ematen.

Agentzia horrek antolatutakoa espedizio komertziala da, eta, dakigunez, ia 50 kidez osatuta dago. Zur eta lur uzten duen kopurua! Islandiarrarena, berriz, oso txikia da. Hiru alpinistak jardungo dute: Ali Sapdara eta haren seme Sajid pakistandarrek eta Snorrik berak.

Baina aipatu ditugun bi espedizio horiei beste bi gehitu zaizkie. Biak ala biak, gainera, talde nepaldarrak dira. Lehenaren buru Mingma Gyalje Xerpa izango da. Eta bigarrenak Nirmal Purjak zuzenduko du.

Seven Summit Treks agentziaren lan talde guztiaren kopuruari azken bi espedizio horien ordezkariak gehitzen badizkiogu, negua izan ordez, badirudi udaran edo ohiko denboraldi baten aurrean gaudela. 60 alpinista inguru K2 mendia neguan saiatzea erabat ezohikoa da.

Alpinista indartsuak

Mingma Gyalje Xerpa Imagine Nepal agentziaren nagusia bada ere, talde horrek ez du bezerorik izango. Autonomoa izango da; izan ere, ez du garaieran lan egiten duten alpinisten laguntzarik izango. Haren alboan jardungo dutenak honakoak dira: Dawa Tenzing Xerpa eta Kilu Pemba Xerpa.

Laster batean hasiko den espedizioaren inguruan, talde honen buruak adierazi du abenduaren erdi aldean Pakistanen egoteko asmoa dutela: «Guretzat benetako negua abenduaren lehenean hasten da, eta otsailaren 28an bukatu. Beraz, egutegi astronomikoaren alde egiten dugu. Bestalde, erakutsi nahi dugu alpinista nepaldarrak ere gai garela zortzimilako bat neguan igotzeko. Atzerriko alpinistak zortzimilakoak igotzen lagundu ditut, baina ez dut inoiz ikusi nepaldar bat neguko lehen igoera bat saiatzen. Ez dugu bezerorik eramango, argi baitaukat bezeroak daudenean ardura eta erronka gehiegi daudela».

Alpinistok ohiko ibilbidea edo Abruzzien espoloian sartuko dira. Uste dute Cesen bideak baino aukera gehiago eskaintzen dituela: «Ibilbide normala neguan ikusi dut, eta ekinaldi on bat egiteko oso aproposa da. Geure asmoa mendia guk geuk ekipatzea izango da, baina, beste hiru talde egongo direnez, agian egokiena elkarlanean aritzea izango da».

Laugarren eta azken taldeari dagokionez, aurreratu behar dugu izar mediatiko batek lideratuko duela. Nirmal Purjari buruz ari gara; hots, hamalau zortzimilakoak  zazpi hilabete baino gutxiagoan eskalatu zituen alpinista nepaldarra dugu protagonista. Orain arte, Purjak ez du zehaztasun handirik eman. Bere sare sozialetan esan du ohiko kideekin jardungo duela eta ez duela oxigeno artifizialik erabiliko.