NAIZ

«Doilorkeria» gisa deskribatu ditu Sarkozyk bere aurkako akusazioak epaiketan

Nicolas Sarkozy frantziar presidente ohiak «doilokeria» gisa deskribatu ditu haren aurka egindako akusazioak. Astelehenean hasi da Parisen haren aurkako epaiketa, ustelkeria eta influentzia trafikoaz akusatuta.

Nicolas Sarkozy frantziar presidente ohia Parisen, ustelkeria karguei buruzko epaiketara bidean. (Stephane DE SAKUTIN/AFP).
Nicolas Sarkozy frantziar presidente ohia Parisen, ustelkeria karguei buruzko epaiketara bidean. (Stephane DE SAKUTIN/AFP).

Nicolas Sarkozyk «doilorkeria» gisa deskribatu ditu haren aurka egindako akusazioak. Astelehenean hasitako epaiketa ustezko ustelkeria delituengatik eta influentzia trafikoagatik egindako salaketetan oinarritzen da. Joan den asteko bista laburraren ondoren, jada formalki hasi da frantziar presidente ohiaren aurkako epaiketa.

«Ez dut onartzen duela sei urtetik hona jazarri nahi nauten doilorkerietako bat ere», agertu du Sarkozyk epaiketaren hasieran, auzitegiko presidenteak haren aurkako karguak aipatu ondotik.

Epaiketa astebeteko atzerapenarekin hasi da, Gilbert Azibert akusatu eta magistratu ohiaren osasun arazoengatik. Lehen aldiz aurkeztu zen auzitegian, hark joan den ostegunean atzerapen eskaera ezetsi ondoren. Thierry Herzog presidente ohiaren betiko abokatuarekin eta Azibertekin batera epaituko dute Sarkozy.

Fiskaltzak Sarkozyri leporatu dio Herzogen bidez informazio sekretua lortzen saiatu izana, eta horretarako Azibertengana jo izana, orduan Kasazio Auzitegian zegoena. Ikertzaileek diotenez, Monakon postu bat eskaini zion Aziberti, kanpainaren ustezko finantzaketa irregularraren ondorioz 2014an irekitako ‘Bettencour kasuari’ buruzko datuen truke.

Defentsak epaiketa uzteko eskatu du

Prozesu honetan Sarkozyren abokatua den Jacqueline Laffont-ek hitza hartu du instrukzioan egindako irregulartasunengatik prozesua bertan behera uzteko eskatzeko, uste baitu hauek defentsarako eskubidea zaildu dutela.

Zehazki, abokatuak esan du Fiskaltza Nazional Finantzarioak ez ziela informatu ustelkeria eta influentzia trafikoko gertaera horiek eragindako aurretiazko ikerketaren inguruan.

Abokatuaren arabera, Fiskaltzak «ahal zuen guztia egin zuen bere bezeroa inplikatzeko», nahiz eta horrekin «defentsaren funtsezko printzipio batzuk zapaldu» zituen.

Akusazioak Sarkozyren eta Herzogen arteko telefono elkarrizketa pribatuetan oinarritzen dira. Presidente ohiak ukatu egin ditu akusazioak, eta grabazioak epaiketan baliozko froga gisa bertan behera uzten saiatu da, legez kanpo egin zirela esanez.