NAIZ

Ekimen «koloretsuak» egin dituzte herriz herri hezkuntza erdigunera ekartzea eskatzeko

Sormena erabili dute Hezkuntza Plazara dinamikaren mobilizaziora batu ziren eskola, ikastola, norbanako eta eragileek. Elkarretaratzeak, manifestazioak, bideoak, pankartak, kantuak, argazkiak eta beste hainbeste ekimenen bitartez hezkuntza erdigunean jartzea aldarrikatu dute.

Manifestazioa Bilbon, Hezkuntza Plazara dinamikaren baitan. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Manifestazioa Bilbon, Hezkuntza Plazara dinamikaren baitan. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Hezkuntza eta hezkuntza komunitate guztia erdigunera ekar dadin aldarrikatzeko mobilizazio egun «koloretsua» deitu zuen astearterako Hezkuntza Plazara dinamikako kideek, eta hala ari da izaten, koloretsua eta anitza.

Covid-19ak hezkuntza sistemaren arrakalak azaleratu dituela uste dute dinamikako bultzatzaileek; gainera, salatzen dute ikasturte hasiera ez-ohiko honetan administrazioen aldetik plangintza falta nabaritu dutela.

«Sistemikoa» deritzen egoera iraul dadin, eskatzen dute naturak eskaintzen dituen espazioak hezkuntzarako aprobetxatzea; haurren eskubideak errespetatzea, hala nola jolasteko edo askatasunerako eskubideak; ratioak jaitsi eta langile gehiago kontratatzea; jangelak ikasle guztientzat zabaltzea; zaintza eta kontziliazioa bermatzea; eraldaketa pedagogikoa bultzatzea; euskararen kasuan azken hilabeteetan atzeman duten «arrakala linguistikoa» arintzea; curriculuma malgutzea eta hezkuntza komunitatearen parte hartzea bermatzea.

Eskakizun horiek guztiak jasotzen dituen adierazpenarekin Hego Euskal Herriko 446 norbanakok, 53 kolektibok eta 9 eragilek egin dute bat. Eskolena ez ezik gizarte osoaren ardura dela iritzi du Hezkuntza Plazara plataformak, eta astearteko mobilizazio egunean tokian tokiko eskolak, ikastolak, gurasoek, ikasleek, langileek eta herritarrek hartu dute parte, bakoitzak aukeratutako moldean protesta eginez.

Ekimen anitzak

Baztan ikastolan kantuz egin dute protesta, Amaiurko herri eskolan pankarta tailerra egin dute, elkarretaratzea egin duteAmurrion eta Laudion, koloretako aterkinak zabaldu dituzte Otxandioko eskolan, Bilboko Santutxu auzoko Karmelo ikastolan argazki erraldoia atera dute, Aguraingo Aniturriko ikasleeek manifestazioa egin dute, euskal hezkuntza publiko duina aldarrikatu dute Barakaldoko Minas institutuan, eta LABek eta Ikamak elkarretaratzea egin dute Hernanin.

Protesta egun deszentralizatuan egindako ekimen guztien adibide gutxi batzuk besterik ez dira aipatutakoak. Sare sozialen bitartez partekatu dituzte aldarrikapenen aldeko ekimenen argazki eta bideoak, #hezkuntzaplazara traolan.