Dabid Lazkanoiturburu

Bangladeshek urrutiko irlatxo batean lagako ditu errefuxiatu rohingyak

Bangladesh errefuxiatu rohingyak zikloien eta uholden menpe dagoen Bhasan Char urrutiko irlatxora bidaltzen hasi da gaur. Nazio Batuen eta giza eskubideen aldeko erakundeen kritikek ez dute ezertarako balio izan.

Errefuxiatu rohingyak kezkati eta negarrez Bhasan Char irlara bidean. (Munir UZ ZAMAN/AFP)
Errefuxiatu rohingyak kezkati eta negarrez Bhasan Char irlara bidean. (Munir UZ ZAMAN/AFP)

Bangladesheko Gobernuak gaur ostegunean ekin dio Myanmarretik ihes egin behar izan zuten errefuxiatu rohingyak Bashar Char urrutiko irlartxora eramateari.

Zikloiek sarritan eta gogor astintzen dute 40 kilometro karratu dituen egitura sedimentario hura eta uholdeak ohikoak dira, batez ere montzoi aroan. Gainera, gertuen dagoen bizilekua eremutik bi ordutara dago.

Giza eskubideen aldeko erakundeek eta Nazio Batuek irmo salatu dute Bangladeshek hautatu duen helbide arriskutsu eta ahula.

Lehen 922 errefuxiatuak Cox's Bazarreko eremutik atera zituzten atzo autobusetan Chitaggong portura bidean gero Marinako itsasontzietan Bhasan Char irlara eramateko, Bengalako Golkoan.

«20 autobus erabili ditugu eta bueltan datoz errefuxiatu gehiago eramateko», ziurtatu du Anwar Hossainek, eskualdeko Polizia-buruak.

Agintariek 2.500 rohingya bidaltzea espero dute lehen fasean. Horretarako Marinak aterpeak eraiki ditu irlatxoan eta uholdeen aurka morru bat altxatu du. Bangladesheko Gobernuak ziurtatu duenez, rohingyen 40 bat buruzagi eraman zituzten irailean irlara eraikuntza berriak ikusteko eta «oso pozik agertu ziren».

Ez dago errefuxiatuekin ustezko poz hori baieztatzerik. Aitzitik, familia askok ez dute nahi joatea eta presioak, eta pizgarriak, jaso dute Bangladeshek erosi dituen agintari rohingyen («majhis») eta «bolondresen» aldetik.

Garbiketa etnikoa

Asmoa Cox's Bazarreko barrutiak bizi duen presioa arintzea da. 2017. urteko abuztuan 750.000 rohingya beren lurraldetik bidali zituen Myanmarreko Armadak eta milizia budistek elkarlanean aurrera eraman zuten garbiketa etnikoak, eta gehienek bertan amaitu zuten. Aurretik 200.000 rohingya zeuden Cox's Bazarren. Egun milioitik gora dira errefuxiatuak.

Bangladesheko Gobernuak Bashar Char ilatxoan 100.000 rohingya lagatzeko asmoa du datozen asteetan.  

Nazio Batuen Erakundeak Bangladeshen duen bulegoak komunikatu lakoniko bat kaleratu du errefuxiatuak lekuz aldatzeko erabakiarekin «inolako zerikusirik» ez duela adierazteko eta horri buruz jaso duen informazio eskasa gaitzesteko.

Idatziak dioenez, Nazio Batuek ez dute baimenik jaso irlaren «segurtasuna eta bideragarritasuna» aztertzeko. Are gehiago, errefuxiatuek «tokialdaketaren berri izateko eta erabaki aske bat harteko eskubidea» dutela ohartarazi du. Bertan daudela, «hezkuntza eta osasun zerbitzuak izan behar dituzte, eta nahi izanez gero, bertatik alde egiteko aukera izan behar dute», gaineratu du.

Human Rights Watch (HRW) eta Amnesty Internationalek dei egin diote Bangladesheko Gobernuari errefuxiatuak lekuz aldatzea berehala eten dezan.

Myanmarreko erregimenaren errepresiotik ihes egin behar izan zuten rohingyek egoera jasangaitza pairatzen dute Bangladeshen. Koronabirusak are gehiago larriagotu du mugatik gertu dauden milioi errefuxiatuen bizimodua.

Beste 150.000 errefuxiatu alboko herrialdetan bizi dira. 600.000 inguru Myanmarreko mendebaldean irauten dute, beraien lurraldean.