naiz

Ekogudariak: animalista edo baserritar, umoregile edo musikari, denak euskaraz ekologiari buruz

Ekogudariak proiektu berriak lurrarekiko harremana euskaraz hausnartzea izango du helburu. Ostegunean hasi eta hilaren 23ra bitarte bideoak sareratuko dituzte; musikari, artista, umoregile eta norbanakoen parte hartzearekin.

Ekogudariak izena eman diote muak.eus kolektiboaren bitartez hainbat artista eta norbanakok sortutako proiektu berriari. Lurrarekiko harremana euskaraz eta euskaratik hausnartzeko helburu duen ekimena izango da, bideo bidez eta sarean zabalduko dena.

Euskararen egunean, abenduaren 3an, hasi eta hilaren 23ra arte, bideo bat igoko dute bost egunean behin.

Ekologia, herri kantak, umorea eta errebeldia izango dira proiektu berritzaile honen abiapuntuak, eta Euskal Herriko erreferente kultural ezberdinei, sortzaile berriei, eta ekologiarekin konprometituak dauden pertsonei egindako elkarrizketak; umorezko esketxak, eta kantak biltzen dituen bideo sorta zabalduko da Interneten.

Abestiek herri-kantak dituzte oinarri, baina letra ezberdin eta berritzaileak aurkezten dituzte, idazle ezagunen eskutik.

«Garai bereziak bizi ditugu. Pantailen bidez edo musukoen atzetik agurtzen diogu elkarri. Garai poliedrikoak dira, aurrera ez ezik beste alde batzuetara begiratzera behartzen gaituztenak. Barrurantz, hausnarketarantz. Hausnarketarako gaia liteke euskaraz eta euskaratik Amalurrarekin daukagun harreman mota. Norbanako mailan eta maila kolektiboagoan. Ekogudariak gaiari heltzeko bideak irekiko dizkigute. Eta sormenetik abiatuko dira», agertu dute Ekogudariak ekimenaren sortzaileek.

Lan talde handia eta anitza batu da proiektu honen atzean, elkarrizketak eskaini dituzten, kantuen letren egokitzapena egin duten, musikarien, ilustraziogileen eta umoregileen artean. Elkarrizketen tartean, Martin Barriuso Cannabis Club bateko kide ohia, Maialen Sagues antiespezista eta Joana Rementeria baserritarra egongo dira, besteak beste. 

Kantuen letren egokitzapenak, berriz, ondoko artistek egin dituzte: Itxaro Borda, Eric Dicharry eta Jon Garmendia. Musika, Jakes Etcheverria (Eltzegor taldea. Joxemi Zumalabek Gladys del Estal militante ekologistari idatzitakoak musikatu zituen).

Esketxak Gaston Armagno eta Ane Lindane umoregileak sortu dituzte, Maiana Agorrody marrazkilariak ilustrazioak egin ditu, Fare grafiteroak irudiak sortu ditu eta Jokin Etcheverriak, kontzeptuaren sortzaile eta zuzendariak, aurkezpen lanak egingo ditu, Ane Lindanekin batera.