Jon Ormazabal
Elkarrizketa
Iñaki Artola
Baikoko pilotaria

«Jakak sinetsi egin du bere aukeretan eta ez da eredu txarra neronentzat ere»

Buruz Burukoari uko egin ostean, kaiolan itzuliko da alegiarra lehiaketetara. Binaka eman duen jauzi hori –udako Mastersa irabazi zuen Rezustarekin batera– buruz buruko txapelketetan ere emateko aukera duela uste du larunbatean Azkoitian hasiko den Lau eta Erdikoan.

Iñaki Artola. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Iñaki Artola. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Koronabirusa eta lesio bat pasata, zer moduz zaude?
Osatuta. Egia da orain pixkanaka jokoa hartzeko beharra daukadala, badakit ez nagoela nire onenean baina entrenamendutik entrenamendura hobekuntza nabarmena nabaritzen dut. Aurreko astean nahiko ondo sentitu nintzen partida jokatuta, entrenatzen nahiko txukun nabil eta partidara ondo iristea espero dut.

Buruz Burukotik kanpora geratu ostean, lehiatzeko gogoz?
Bai, kanpoan geratzeak pena pixka bat eman zidan, zeren eta joko onarekin nenbilen, bolada ona neraman eta hori eten beharra pena izan zen. Baina geldirik egoteak zerbait ona badu, oso motibaturik irteten zara, pilota gosez esan ohi den bezala. Sasoiz ez dakit nola egongo naizen baina gogoz behintzat, oso ondo eta beteta.

Erik Jaka ere horrela hasi zen Buruz Burukoan, zalantzaz beteta...
Kuriosoa da. Esan dut jakitun naizela ez nagoela nire joko punturik onenean baina askotan ez dago jakiterik; lehen ere askotan gertatu zait ustez topera prestatuta joan eta partida txarra ateratzea. Eta alderantziz ere bai, zalantzekin joan eta sekula baino hobeto jokatu. Uste dut askotan, gorputzak baino, buruak ere lan handia egiten duelako da eta txapelketa polit bat egiteko itxaropena badaukat.

Txapela jantzi ostean Jakak aldarrikatu zuen pilotari ez hain mediatikoek ere badaukazuela txapelak eskuratzeko modurik; izan daiteke Jakaren ibilbide hori zuretzat ispilu?
Jakaren ibilbidea, nik uste, denontzat izan daitekeela eredua. Nik egunotan esan izan dut egokitu zaidala Jakaren ibilbidea oso txiki txikitatik jarraitzea eta zerbaitek ezaugarritzen badu, hori da oso lehiakorra dela, eguneroko lan horretan oso serioa. Akaso beste batzuk ikusiko ez zizkioten aukeretan sinetsi egin du berak eta azkenean sineste horrekin eta lan horrekin begira ze fruitu eman duen; ez da eredu txarra neronentzat ere.

Beraz, Artolarengan sinetsi behar dugu oraingo honetan?
Bai, nik behintzat sinesten dut. Hauxe da gure lana eta norberak bere buruan sinetsita egin behar dugu. Sinetsita ere ez dakizu zehatz-mehatz zer nolako emaitzak lortuko dituzun baina, argi dagoena da sinesten ez baduzu ez duzula ezer lortuko. Lehen ere goi mailan ibilitakoak gara; nire kasuan, orain arte falta izan zaidana agian da banakako lehietan binaka eman dudan pausotxo hori ematea eta lau eta erdiko hau aukera bat da horretarako.

Hasteko, derbia Peñaren aurka.
Bai, hori da. Entrenamenduetan elkarrekin dezente ibilitakoak gara Peña eta biok. Oso momentu onean dago. Peña behetik gora doala uste dut; aspaldi luzean oso ondo jokatzen ari da, bigarren mailako txapela atera zuen eta hori ez da kasualitatea izaten. Garbi daukat partida gogor bat izango dela, lesio batetik errekuperatu berritan nagoela kontuan hartuta. Aldi berean polita izango da. Azkoitiko frontoian jokatuko dugu, oso gustukoa dudan pilotalekua da eta gogo handiarekin nago.

Enpresako botilero bat partida guztietan eduki ahal izatea zer iruditzen zaizu?
Berri ona da. Batzuen iritziz erdizkakoa, nahiko genuelako edozein izatea botilero, gure konfiantzako pertsona eraman ahal izatea, alegia. Lehen, botileroak enpresako teknikoak bakarrik izan zitezkeenean gertatzen zen, esate baterako, Aspeko pilotarien aurka jokatzen zuenak botileroa eramateko aukera izango zuela eta beste enpresakoen aurka jokatzea egokitzen zitzaionak, ez. Desoreka hori ikusten zen eta honekin behintzat hori berdindu da. Nik uste dut laguntza bat dela eta behin jarri edo kentzekotan, hobe dela erabat jartzea edo erabat kentzea, lehengo erdizkako modu hori baino.