NAIZ

Erreakzio bat behar du Bilbao Basketek, oraingoan Txapeldunen Ligan Fortitudorekin

Asteburuan ACB Ligan jasotako porrot gogorra ahaztu eta Europara begiratu behar dute bilbotarrek lehen garaipena lortzeko. Astearte honetan, partida bat gutxiagorekin taldeko azkena den eta entrenatzailea kanporatu berri duen Boloniako Fortitudoren pista bisitatuko dute (20.30).

Ondrej Balvinek, irudian Bambergen arteko partidan, ezin izango du jokatu. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Ondrej Balvinek, irudian Bambergen arteko partidan, ezin izango du jokatu. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Bilbao Basketeko jokalariek txipa aldatu behar dute astearte honetan (20.30, Unipol Arena). Asteburuan Estudiantesen kontra jasotako porrot gogorra alde batera utzi eta Txapeldunen Ligako hirugarren partidan kontzentratu behar dira bilbotarrak.

Erreakzioa berehalakoa izan behar du. Alde batetik, Europako txapelketa honetan oraindik ez dutelako garaipena lortu –bi porrot jaso dituzte Pinar Karsiyakarekin etxean eta Brose Bambergen kontra Bilbon baita ere–. Horretarako, astearte honetan partida bakarra jokatu duen Boloniako Fortitudo taldeari irabaztea berebizikoa da.

Eta bestetik, Bolonian garaipena lortuz gero, bultzada handia izan litekeelako ACBko beheko postuetatik ateratzeko. Ligan ez dago jaitsiera postuan beste talde batzuek bilbotarrek baino zifra okerragoak dituztelako.

Hala, erreakzionatzeko garaia da. Fisikoki, Alex Mumbru entrenatzaileak Ondrej Balvin eta Quentin Serronen bajak ditu datozen sei edo zortzi asteetarako. Balvinen lesioak buruhauste handia sor lezake Bilbao Basketen, taldearen oinarrietako bat eta errebote, tapoi, mate eta balorazioetan ACB Ligako jokalari onenetarikoa baita.

Gogo-aldartean, aldiz, Estudiantesen aurka azken momentuan jasotako porrotari aurre egin behar diote jokalariek. «Hain berdindua izan den honelako partida bat eta gero, gure aldeko abantaila erosoak izan ondoren, gogorra da azkenean era honetan galtzea», aitortu zuen Alex Reyes bilbotarren saskiratzaile onenak (21 puntu lortu zituen).

Astearte honetako aurkaria ez dabil hobeto. Sekulako porrot batekin eman zion hasiera Txapeldunen Ligari, Brose Bambergen aurka 63-100 galduz –bigarren partida atzeratu zen–. Gainera, bere Ligako azken postuan dago eta igandean Meo Sacchetti entrenatzailea kaleratu zuen. Bere ordez Stefano Comuzzo egongo da aulkian.

Jokatutako partida bakar horretan, Fortitudoko jokalari onenak Stefano Mancinelli hegalekoa (17 puntu) eta Adrian Banks eskolta estatubatuarra (14) izan ziren.