‘Abaro’, eztitasuna eta suntsiketa poema bilakatu ditu Itxaro Bordak

Azken bost urteetan idatzi dituen poemak jaso ditu Itxaro Bordak ‘Abaro’ (Balea Zuria) lan berrian. Bilduma hau bizipen askoren babesa da, eta badu eztia, baina era berean bada mundu ikaztu baten lekukotasunaren lekua. Bi polo horien artean gabiltza, idazlearen ustez.

Itxaro Borda ‘Abaro’ izeneko poema bildumarekin itzuli da. (Juan Carlos RUIZ I FOKU)
Itxaro Borda ‘Abaro’ izeneko poema bildumarekin itzuli da. (Juan Carlos RUIZ I FOKU)

‘Abaro’ hitzak adiera bikoitza du eta anbiguotasun horretan jostari ibili da Itxaro Borda (Baiona, 1959). Abaro bada, batetik, aizolbea, aterpea, babesa. Eta bada, aldi berean, sua hil ondoan hautsa biltzeko erabiltzen den tresna. Eztitasuna eta suntsiketa, horiek dira bere azken poema liburuko bi ardatzak eta aipatu hitzak biak sinbolizatzen ditu. «Bilduma hau da bizipen askoren abaroa eta denbora berean da mundu kaltzinatu edo ikaztu baten lekukotasunaren lekua. Uste dut bi polo horien artean gabiltzala indibidualki zein kolektiboki. Munduak irudi du eztanda handi bat bizitzen duela, ikatz gisa aterako dira eta norbaitek beharko ditu gure hautsak bildu», adierazi zuen aurkezpen ekitaldian, Donostian.

Urte asko, mordoa, igaro dira bere azken poesia bilduma argitaratu zuenetik. 1994. urtea zen ‘Zure hatzaren ez galtzeko’ idatzi zuenean. 2020ko udazken honetan molde berberera itzuli da azken bost urteetan ondutako poesiekin. Bildu egin ditu, eta «nahitara edo inkonszienteki» bi hildo nagusiak landu ditu. Eztia eta ikatza. «Lan hartan bazen oraindik humanitatearen hatza atxikitzeko nahikunde bat, eta hemen hatz hori desagertua bezala ateratzen da. Uste dut poema liburu bakoitza autonomoa dela, ene zenbatgarrena den ez dakit, baina badu inplizituki lotura bat historia batekin», adierazi zuen.

Lehen bilduma plazaratu zuenetik «kasik» 50 urte igaro dira. «‘Bizitza nola badoan. Poemak 1974-1984’ (Maiatz) lanean joan ziren ene poesiagintzako muskila zenbait, gero handitu direnak orain zuhaitz bat bezala bilakatzeko». Hausnartu zuen liburu bakoitzak ez ote dion galdera bati edo krisi une bati erantzuten. Baiezkoan dago Borda. «Eta ‘Abaro’ honek ez dio bere destino honi ihes egiten».

Bideko itzal emankorrak

Bilduma bat denez, mamia ez da gai baten ingurukoa, hainbat miatu ditu baionarrak. Bizitza, amodioa, jende harremanak, naturarekin dugun harremana, gure bakartasuna eta idazleak berezkoa duen konfinamendua, nagusiki. Liburuak ere omenaldiak jasotzen ditu, Leonard Cohen, Artze, Aimar Olaizola… «Badira lotura asko. Sare bat bezala dira ene buruan, musikak, beste poetek eta beste liburuek iruten bezala dutena». Pertsonaiak baino, ordea, idazlearentzat beste zerbait dira. «Erran nezake testuaren bildumaren gainen ibiltzen diren itzalak direla, itzal emankorrak, ene bidean laguntzen nauten itzal horiek, ez dira erreferenteak». Zuberoa ere beste itzal bat da.

Erritmo jostari bat ehundu du Bordak, irakurlea uhin eta olatuen artean kulunkatu nahian bezala. Denboran atzera eta aurrera egingo du, eta irakurleak berekin bidaiatuko du Bordelera, Tolosara, Baztanera, eta ez-lekuetara. Trenak, aireportuak… Eta askotariko elementu horiekin guztiekin «jostatzen aritu naiz», aitortu zuen, erantsiz: «Hori berria da ene poema bildumetan, jolasten naiz poemekin. Ironia asko ere sartu dut, baina horrekin batera xamurtasuna ere bada, zeren tituluak duen bi izaera natura hori liburuko doinuan ere bada. Eztitasuna, xamurtasuna ez ezik, bada ironia eta batzuetan fede gaiztoa ere, fede txarra. Bada halako anbiguitate bat».

Eta zein nortasun du ‘Abaro’ poesia bildumak? Aurreratu zuen Bordak: «Ez da liburu femeninoa, egia da. Beharbada nire posizionetik neutralagoa da, nahiz eta feminista baden, eta hori baino gehiago, lesbiana den. Emazte idazleok ez dugu nahi kalifikatibo hori idazle aintzinean jartzerik. Idazleok gure eguneroko feminitate edo feminismoaren eremutik haragoko eremuak ere libre ditugula, hori aldarrikatzen dut liburu honetan». 

Poesia, bere burua kokatzeko

Poesia hauek idazten igaro diren bost urteotan argitaratu ditu lan anitzak: nobela, ipuinak, artikuluak… eta egia da, aitortu zuenez, lan bakoitza amaitu bakoitzean etortzen zaiola beheraldia, «post-partum depresio moduko bat, eta gehiago sufritzen dut orduan alaba munduratu nuenean baino. Depresio edo beherealdi hortarik ateratzeko erabiltzen dut poesia. Poesia dut ibiltzen naizen bideetako zedariak markatzeko, oroitzeko non ibili naizen, nor gurutzatu dutan, zer ikasi dutan ene ibilaldietan», konpartitu zuen.

Sendagaia, indarberritzeko bitamina, eta munduan bere lekua berriro topatzeko tresna. «Poemak erabiltzen ditut berzentratzeko pertsonalki, baita ere kolektibo batean ene burua bersartzeko, lan handiak idazten ari girelarik baztertzen gira mundutik eta…». Edonola ere, Itxaro Bordak badaki nor den. «Funtsean poeta sentitzen naiz, bere alde ona eta txarrekin».