Ander Gortazar
Arkitektoa

Kuartelak (eta II)

Loiolako kuartelei buruz idatzi nahi nuen baina konturatu naiz txoko honetan bertan idatzi nuela gaiari buruz duela bi urte pasatxo. Meteorito bat, Bruce Willis eta Ernesto Gasco aipatzen nituen eta, harrigarriki, esan nuenarekin ados xamar jarraitzen dut.

Kopenhageko Nodhavn auzoan dagoen aparkaleku eraikina.
Kopenhageko Nodhavn auzoan dagoen aparkaleku eraikina.

Demagun ontzat jotzen ditugula militarren mudantza hurbila –300 metro hegoaldera, ups– eta garapen urbanistiko berrien beharra, biak ala biak eztabaidagarriak. Ez nator ni bertan zer egin behar den esatera, baina momentu aproposa iruditu zait erreferentzia batzuk zerrendatzeko. Google eskura baduzu, bila ditzakezu.

2019koa da “The Guardian”-en artikulua: “City with a female face: how modern Vienna was shaped by women”, alegia, emakume aurpegidun hiria, Viena ardatz hartuta. Aspern Seestadt auzo berriari buruzkoa da, non genero ikuspegia txertatu zen hasiera-hasieratik. Ea Hannah Arendt Platz eta Janis Joplin Promenade bisitatzen ditudan gure udalerrietatik ateratzen uzten diguten egunen batean. Bisitatu nahi dudan beste toki bat Freiburg hiriko Vauban auzoa da: “eko hiri” moduan definitzen da eta mugikortasun eredua interesatzen zait bereziki niri: bizilagunen %70ek ez du kotxerik, eta badutenek auzoaren perimetroan dagoen ordainpeko aparkaleku eraikin batean uzten dute. Akabo igogailua hartu eta kalea zapaldu ere egin gabe aparkalekura jaistearen ohitura antiurbano hori. Kopenhageko Nodhavn auzoan bada aparkaleku eraikin ikusgarri bat: zazpi solairutan zentralizatzen da auzoko ibilgailu pribatuen beharra, kotxerik ez da ikusten kaleetan aparkatuta eta eraikinaren estalki lauan haurren jolastoki zoragarri bat dago, bista ederrekin. Izena du Konditaget Lüders (irudian). Gertuago, Errenteriako Galtzarabordan bada VAUMM bulegoaren antzeko proiektu bat.

Kuartel eraikinarekin zer egin, eztabaidagai izango da hori ere. Punpa lasterrean, Jane Jacobsez oroitu naiz, maiz errepikatzen baitzituen auzo batean garai ezberdineko eraikinak izatearen onurak. Ez dakit nolakoa duten tipologia eta zein den haien egoera, baina eraikinak bota beharrean haiek berrerabiltzeko estrategiak aztertu beharko dira. Bordelen, Lacaton eta Vassalek etxebizitza bloke erraldoi bat zaharberritzeko erabili zuten estrategia (Mies van der Rohe saria, 2019) aukera bat da, eta Beharkek Olabeagako etxebizitzetan egindakoa beste bat (“Dique 2A berria”, EHAEO 2019 sarietan finalista).

Programa ere aztertu beharko da, etxebizitza soilak baino –Goia alkateak mila eta piko aipatu ditu, azalerak deskribatzeko futbol zelaiak nola–, erabilera mistoa gailendu dadin. Garrantzitsua da “nahasketa” holistikoa izatea: funtzio eta erabilera nahasketa bai, baina baita adin ezberdinak, ordutegi ezberdinak, errenta ezberdinak, jatorri ezberdinak eta abar nahastea ere. Etxebizitzak egin behar badira egin daitezela, baina esplora ditzagun eredu ezberdinak. Bi okurritzen zaizkit, Bartzelonako La Borda erabilera lagapeneko etxebizitza kooperatiba eta gertutik aztertu beharko den Txirikorda proiektua Usurbilen: «Belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioa».

I+G+B pixka bat, faborez, makina erremintaz harago ere. •