NAIZ

EAEko hezkuntza sistema birplantetzeko eskatu du Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneak

Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunea ekimen berriak Lakuako Gobernuari eskatu dio «hezkuntza sistema birplanteatzeko», uste duelako «segregazioa aregotzen duela». Sortzaileen artean hainbat plataforma, ikasleen guraso elkarteak eta sindikatuak daude.

Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunearen aurkezpena. (Euskal Eskola Publikoaz Harro)
Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunearen aurkezpena. (Euskal Eskola Publikoaz Harro)

Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunearen aurkezpena izan da gaur Donostian. Plataforma honek hezkuntza publikoaren aldeko hainbat pertsona eta eragile batzen ditu eta pasa den ikasturtean burututako Euskal Eskola Publikoaz Harro kanpainaren ondorioa da.

«Euskal Eskola Publikoarekiko harrotasuna adierazi eta euskal hezkuntza sistema osorako eskola bakarra aldarrikatu nahi dugu, herri bezala publikoaren, eskubide kolektiboen eta gure ume guztientzat aukera berdintasunaren alde eginez», azaldu dute antolaitzeleek.

Helburuen artean, Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneak eskatzen du «Euskal Eskola Publikoa hezkuntza sistemaren ardatzean jarriz, bere alde borrokatu eta bere printzipioak lau haizetara zabaltzea» eta «eskola publikoak behar dituen baliabideak bermatzea». Gainera, «hezkuntza sistemaren pribatizazioa» salatzen du eta Lakuak «ikastetxeen publifikazioa ahalbideratuko lukeen araudia sortzea» aldarrikatzen du.

Beraz, sortzaileek uste dute «hezkuntza sistemak segregazioa areagotzen duela eta ez dituela betetzen euskal jendarteak eskatzen eta behar dituen inklusio helburuak». Horregatik, «hezkuntza sistema hau birplanteatzeko» eskatu dute.

Sortzaileak

Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunea osatzen duten kideen artean hainbat plataforma, ikasleen guraso elkarte eta sindikatuak daude, hala nola Gasteizko, Oiongo, Bilboko, Santurtziko, Oarsoaldeako, Astigarragako, Donostialdeko, Lasarte-Oriako plataformak, EHIGE (Euskal Herriko Ikasleen Guraso Elkartea), HEIZE (Euskal Eskola Publikoaren Zuzendaritza Elkarteen Federazioa) edo Ikasle Sindikatua, Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatuak.