NAIZ

Etxeratze agindua izan edo ez bere lana bete ahal izateko ziurtagiria badu Olentzerok

Baionako auzapeza eta Euskal Elkargoko presidentea den Jean-Rene Etchegarayk ziurtagiri berezia izenpetu du etxeratze agindua izan edo ez Olentzerok –baita Bizar Xurik ere– opariak banatu ahal ditzaten.

Olentzero eta MariDomingi berriz helduko dira, heldu den urtean, Baionako karriketara. (Bob EDME)
Olentzero eta MariDomingi berriz helduko dira, heldu den urtean, Baionako karriketara. (Bob EDME)

Covid-19ak eragindako pandemiak zeharo baldintzatuko ditu fite helduko diren Eguberri bestak.

Frantziar Gobernuak hainbat neurri jarri ditu plantan. Hala nola sei lagun baizik ezin dira mahaiaren bueltan elkartu. Izan ere familiartekoen afariari oztoporik ez egiteko Gabonetan etxeratzeko agindurik ez da indarrean izango. 

Hala ere, azkeneko egunotan beste hainbat Europako herrialdetan onartu dituzten neurri murriztaileak aintzat hartuta ezin da baztertu Parisek ondoko egunotan neurriak zorroztera jotzea.

Arauak aldatu ezean, etxeratzeko agindua indarrean izanen da Gabon Zaharrean, ez ordea Gabonetan.

Protokolo horren arabera Ipar Euskal Herriko haur eta adinekoen lasaitzerako ez Olentzerok ez Bizar Xurik ez lukete trabarik ukan behar kalez kale eta etxez etxe ordu txikitan ibiltzeko oparien banaketa aurrera eramaten gau berezi horretan.

Hala eta guztiz ere, frantziar Barne Ministerioak besten garaian Poliziaren kontrolak areagotzeko agindua eman duenez, hobe lukete, bereziki ikazkinak, Baionako Herriko Etxeak eta Euskal Ekargoaren buruak eskainiriko salbuespen baimena soinean eramatea. Badaezpada ere.

Poliziaren kontrol batekin topo eginez gero

Etxeratze aginduaren garaian, gaueko 20.00etatik eta goizaldeko 6.00ak arte Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako herritarrek etxean behar dute sartu.

Oso salbuespen gutxi onartzen dira. Alta, lana horien artean denez, Olentzerok ahal luke lan jarduerari loturiko laukitxoa bete eta frantziar poliziek bere arrazoiak ulertzen dituztela esperoan gelditzea.

Hizkuntzatik hasita, eta janzkeratik segituz, arrisku franko hartuko luke, ordea, Olentzerok Gendarmeriak ezarritako kontrol batean zepo eroriz gero.

Alta, beste aukeraren bat badu. Etxeratzeko aginduari muzin egin ahal izateko, eta bere lana patxadaz tenorean burutu ahal izateko, Baionako Herriko Etxeak bere webgunean ezarritako ziurtagiria .pdf formatuan jeitsi eta mugikorrean –edo paperean– eraman dezake, paltrikan. Prebentzio gisara.

«Nik, Jean-Rene Etchegarayk, Baionako auzapez eta Euskal Elkargoko lehendakariak Bizar Xuriri eta Olentzerori ezohiko baimena emanen diet hiriz hiri eta herriz herri ibiltzeko Baionara eta Ipar Euskal Herrira hel daitezen».

Hitz horiek idatzita daude, pandemia garaian ere, oparien banaketa –osasun neurriak guztien errespetuan– aurten ere normaltasunez gertatu dadila.