Asier Aiestaran

Erritmo bizia eta espekulazio gutxi, ikuskizuna ziurtatu dute Jakak eta Ezkurdiak iganderako

Inoiz baino determinazio gehiagorekin jokatzen ari dira azken asteotako bi pilotari onentsuenak, eta Eibarren jokatuko duten kaiolako kanporaketa ez da salbuespena izango. «Abiadura» izan da Jaka eta Ezkurdiaren material aukeraketan gehien entzun den hitza.

Jaka eta Ezkurdia, iganderako hautatu dituzten pilotak erakusten (ASPE)
Jaka eta Ezkurdia, iganderako hautatu dituzten pilotak erakusten (ASPE)

Erik Jaka eta Joseba Ezkurdia, Jokin Altunarekin batera azken asteotan mailarik onena ematen ari diren bi pilotariak, elkarren aurka neurtuko dira igandean Eibarren Lau eta Erdiko Txapelketaren bigarren finalerdian. Biek ederki dakite sasoi betean daudela eta, gaurko material aukeraketan esandakoak entzunda, neurketa elektrikoa izan daiteke igandekoa.

«Josebaren abiadurari aurre egiteko zuk are eta abiadura handiagoa eman behar diozu pilotari. Bere jokoa oso erasokorra da eta edozein pilotakadatan erritmoa bizitzen du. Ni berdina egiten saiatuko naiz, eta angeluak ahalik eta ongien bilatzen», izan da Erik Jakaren errezeta azken bi urteetako kaiolako txapeldunari aurre egiteko. Berez, joko azkar eta zuzena egitea gustatzen bazaio, igandekoa ikustekoa izan daiteke.

«Ilusioz nago Buruz Buruko txapeldunaren aurka jokatzeko aukeragatik. Erik aurkari zaila da. Asko arriskatzen du eta tantoa berehala amaitzen saiatzen da. Ezker gantxo arriskutsua du eta txokoan ere ederki uzten du pilota», itzuli dizkio laudorioak Ezkurdiak Jakari, lizartzarrak azken urtean nabarmen gora egin duela gaineratuz.

Zentzu horretan, iaz elkarren aurka jokatutako finalerdia –Ezkurdiak irabazi zuena– ez du erreferentzia moduan ipini nahi izan arbizuarrak. «Iaz ematen zuen partida bideratuta neukala, eta amaitzea kosta egin zitzaidan, oso nekatuta nengoen. Hala ere, iazkoak ez dauka zer ikusirik igande honetakoarekin, Jakak asko hobetu du ordutik», adierazi du.

Besteak beste, orain hiru aste Buruz Buruko txapela jantzi zuen gipuzkoarrak, nahiz eta Jakak dioen ez duela inolako presiorik sentitzen horregatik. «Ez diot nire buruari presio gehiagorik jartzen finalerdiak izateagatik, aurreko astean bezalaxe hartzen dut partida. Aldaketa bakarra da prestatzeko aste osoa izan dudala eta horrek konfiantza ematen dizula».

Ezkurdiak ere eskertu egin du azken asteetan pilotan zentratzeko aukera izana, hilabete zail batzuen ostean. «Aukeraketa honen ostekoa izango da aurkari batekin egiten dudan lehen entrenamendua. Pandemia tarteko garai arraroak bizitzen ari gara, azken hilabeteetan gazua asko pasa dira eta gogorra egin zait, nabaritu egin dut. Orain zorionez jokatzeaz bakarrik arduratzen gara».

Eta materialarekin ere kexarik ez, antzeko jokoa egin nahi dutenez antzeko piloten bila joan direlako. «Josebak eta biok material antzekoa erabiltzen dugu, frontisetik gutxi ateratzen dena eta lurrean azkar ibiltzen dena. Hiru pilota oso antzekoak dira eta Josebaren bat frontisetik gehixeago ateratzen da», deskribatu du Jakak, horretan Ezkurdiarekin bat eginez.