NAIZ

Udal talde guztiek babestu dute Zabalzaren omenez eginiko ekitaldi instituzionala

Mikel Zabalzaren heriotzaren 35. urteurrenean Donostiako udal talde guztiek parte hartu dute, gaur goizean, bere oroimenez antolaturiko ekitaldi instituzionalean. Bestalde, Mikel Gogoan Herri Ekimenak bultzaturik ‘Mikelen Txokoa’ inauguratu dute Altzan.

 ‘Mikelen Txokoa’ inauguratu dute Altzan.(Juan Carlos RUIZ / FOKU)
‘Mikelen Txokoa’ inauguratu dute Altzan.(Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Joan zen azaroaren 26an 35 urte bete ziren Guardia Zibilak bere Altzako etxean Mikel Zabalza atzeman zuenetik. Hogei egun beranduago gaztearen gorpua Bidasoa ibaian agertu zen tortura zantzu nabarmenekin.

Gaur Donostiako Udaletxean Zabalzaren oroimenez ekitaldi instituzionala egin dute.

Goizeko 11.00etan hasi da pleno aretoan «Mikel Zabalza udal langileari» eskainitako omenaldia. Aipatzekoa da ekitaldi horrek udal talde guztien babesa jaso duela.

Omenaldian udal taldeen ordezkariak eta Zabalzaren familiartekoak izan dira. Horiekin batera, besteak beste, ekitaldira bertaratu dira Gasteizko Gobernuaren Bizikidetza, Giza Eskubide eta Memoria sailburuordea den Jose Antonio Rodríguez Ranz, Gogora Institutuko zuzendaria, Aintzane Ezenarro, Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen zuzendaria, Jon Gambra, eta Espainiako Gobernuko ordezkaria, Denis Itxaso.

Ekitalde horretan, lore-eskaintza bat egin da eta Eneko Goia alkatearen eta familiaren hitzak entzun dira.

Donostiako alkateak nabarmendu duenez, «indarkeriaren biktima izan diren guztientzat beti eskatzen dugu memoria, erreparazioa eta justizia» eta Zabalzaren kasuan «auzia behin betiko argitzeko» beharra gaineratu du. «Ezinbesteko urratsa da senitartekoek eta gertukoek zauriak itxi ahal izateko, izan ere, gaur, 35 urte beranduago, zauriak zabalik daude», azaldu du Eneko Goiak.

Bikimen arteko desberdintasunak gainditzeko urrats bat

Euskal Herria Bilduk ohar baten bidez nabarmendu duenez bere udal taldeak, beste eragile batzuekin batera, «diskrezioz egindako lanaren emaitza da» ekitaldi instituzionala.

Ekitaldi hori «beste urrats bat da Mikel Zabalzaren eta torturaren biktima guztiek merezi duten aitortzan» EH Bilduren esanetan.

Izan ere, Gasteizko Gobernuak agindutako txostenean 4.000 tortura kasu dokumentatu direla oroitaraziz, «biktimen arteko desberdintasunak gainditzeko urrats gehiago egin behar direla» mahaigaineratu du EH Bilduk.

Ekitaldia Mikel Zabalza bizi zen auzoan

Ekimen instituzionalaren ondoren, kasu horretan Mikel Zabalza Gogoan Herri Ekimenaren bultzadapean, ‘Mikelen Txokoa’ inauguratzeko ekimena egin dute Altzako San Martzial plazan.

Bi irudi handiren bidez oroituko dituzte, gaurtik aurrera, Mikelekin batera, Jon Arretxe eta Idoia Aierbe, orain gutxi hil ziren herritarrak. ‘Mikelen Txokoa’-ren bidez tortura pairatu duten herritar guztiak gogoan izan nahi dituztela adierazi dute antolatzaileek.

EH Bilduren ordezkaritza batek hartu du parte omenaldi honetan: Maddalen Iriarte, Juan Karlos Izagirre, Reyes Carrere eta Garbiñe Alkiza izan dira bertan.