Nerea Goti

Pandemiak eta urrunketak presoen seme-alabak «umezurtz» utzi dituztela salatu dute

Donostian, motxiladun ume batzuekin batera egindako ekitaldian, pandemiak eta urrunketa politikak 86 haur eta hainbat gazte «umezurtz» utzi dituztela salatu du Sarek. Haur horiek kartzelara patinetez joateko eskubidea dutela irudikatu dute.

Sare, Donostian, motxiladun haurren errealitatea salatzeko agerraldian. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)
Sare, Donostian, motxiladun haurren errealitatea salatzeko agerraldian. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Presoen eskubideen aldeko Sare herritarrak ekitaldia burutu du gaur Donostian, hauen seme-alaben errealitatea azalarazi eta haien eskubideak bermatzeko berehalako neurriak har daitezen exijitzeko. Errealitate gordinak daude: batzuen kasuan bederatzi hilabete dira aita, ama edo biak besarkatu gabe; beste batzuek kartzela barruan kalera irten gabe daude. Sarek planteatu duenez, borondatea baldin badago, badaude egoera horiek arin ditzaketen legezko neurriak.

Azaldu dutenez, covid-19aren pandemiak eta euskal presoei aplikatzen zaien urrunketa politikak praktikan «umezurtz» uzten ari dira haur horiek. «Oraintxe bertan espetxean gurasoren bat edo biak dituzten 18 urtetik beherako 86 haur daude eta 18 urtetik gorako hainbat gazte», zehaztu dute Sareren bozeramaleek.

Gaineratu dutenez, haur eta gazte horiek «bederatzi hilabete luze daramatzate haien gurasoak besarkatu gabe, haien ahotsa entzun dezakete», telefono deien bitartez, baina «ezin dituzte ikusi, ezin dituzte ukitu, ezin dute haiekin jolasean ibili ezin diete muxurik eman» eta horrek «ondorioak» izan ditzakeen haur baten garapenean, nabarmendu dutenez.

Gogoratu dute, bestalde, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak berresten duela «guraso espetxeratuak dituzten haurrek gainerako seme-alabek dituzten eskubide berberak» dituztela, eta horregatik «espetxe agintariek presoei hurbileko familiarekin harremanetan egoteko aukerak ematea familia-bizikidetzarekiko errespeturako eskubidea bermatzeko funtsezkoa» dela.

«Patinetez» joateko eskubidea

«Inoiz baino isolatuago» dauden familia horien eskubideen urraketa une honetan «bortitzagoa» dela salatu du Sarek. Horregatik, urrunketa politikarekin amaitzeko aldarrikapenaren testuinguruan, presoen seme-alabek «aita, ama edo biak bisitatzera joateko bidaia patinetez egiteko eskubidea dutela» planteatu dute.

Ekimen herritarrak gogoratu du, bestalde, badaudela legeak aplikatuta eskubide horiek bermatu ditzaketen praktikak, «baimen bereziak, pultsera telematikoak…». «Aukerak egon badaude eta horiek, aplikatu behar zaizkie lehenbailehen guraso preso hauei», esan du Sarek, eta gaineratu du «aplikatzen zaien salbuespen legediagatik ez balitz motxiladun haurrek ez lukete guraso presoaren oraingo ausentzia handi hori izango».

Presoen seme-alaben errealitatera begira espetxean bizi diren motxiladun umeen egoera «larria» ere aipatu du Sarek. Azaldu duenez, Aranjuezeko espetxean dauden Izadik eta Iratik bederatzi hilabete daramatzate senideak eta gertukoak aurrez aurre ikusi gabe eta hilabete luzez aita ikusi gabe, ondoko moduluan dagoen arren.

Donostiako gaurko ekitalditik abenduaren 26an motxiladun umeen eskubideen alde Martuteneko espetxetik Loiolara egingo den kalejiran parte hartzera deitu dute, eta aurreratu dute Porrotx pailazoa eta Janitz eta Sua motxiladun umeak izandakoak bertan izango direla «kantatzen». Bertaratuko diren haurrei patinetean etortzeko deia egin diete.