Arnaitz Gorriti

Durant sekulako mailan itzuli da lesionatu eta urte eta erdira, NBAren estreinaldian

NBAren 2020/21 denboraldia hasi da asteartetik asteazkenerako goizaldean. Bertan Brooklyn Nets eta Los Angeles Clippers nagusitu zaizkie Golden State Warriors eta Los Angeles Lakersi, hurrenez hurren. Alabaina, «Durantularen» 22 puntuek eman dute estreinu honetako pozik handiena.

Kevin Durant, maila bikainean aritu da 18 hilebetez partidarik jokatzeke egon eta gero. (Sarah STIER/AFP)
Kevin Durant, maila bikainean aritu da 18 hilebetez partidarik jokatzeke egon eta gero. (Sarah STIER/AFP)

Gabon bezperako oparia bailitzan, NBAren 2020/21 denboraldia hasi da Euskal Herrian asteartetik asteazkenerako goizaldean. Bi neurketa jokatu dira bertan eta, hasteko, Los Angelen Clippersek egungo txapedun Los Angeles Lakersi irabazi egin dio «derbia»; 109-116 irabazi ere, Paul Georgen 33 puntuei esker eta Kawhi Leonarden 26 puntuekin. Serge Ibaka Torontotik fitxatu berriak ere 15 puntu gehitu ditu Clippersentzat. Oraingo honetan, ezin izan dute Anthony Davis eta LeBron Jamesek garaipenik ekarri, partidaren hastapenetan pasa den urian amaitu zen Ligako irabazleari dagokion eraztuna jantzi duten egunean.

Alabaina, eguneko bigarren partidak. –ordutegiari begira, aurrenekoak, egia esan–, atentzio handiagoa piztu du. Izan ere Brooklyn Netsek 125-99 egurra eman dio Golden State Warriorsi. Emaitzaz haratago, ordea, Kevin Durant berriz ere jokatzen ikusi ahal izatrea suertatu da albisterik nagusiena eta onena. Izan ere, 2019ko ekainetik hona jokatzeke egon da «Durantula», orpazurdako lesio larri baten erruz. Netseko hegalekoak 25 minutu bakarrik jokatu ditu eta 22 puntu eta bost errebote lortu. Ez dira bere zenbakirik onenak, ezta gutxiagorik ere, baina maila apartekora itzultzeko bide egokian dagoela erakutsi du behinola Oklahomako eta Golde State Warriorseko izar dizdiratsu izan zenak.

Kyrie Irving izan da Brooklynekoen saskiratzaile nagusiena, 26 punturekin eta horrez gain, Caris LeVert ordezkoak 20 puntu sartuta, sekulako egurra eman dio New Yorkeko taldeak Kaliforniakoari, partida amaierako 26 puntuko aldea, ez baita, ezta gutxiagorik ere, handiena izan, 38 punturaino luzatu baitu une batean bere aldea.

Warriorsi dagokionez, Stephen Curry ere itzuli da kantxetara eta maila onean itzuli ere_ 20 puntu sartu eta 10 asistentzia emanez. Horrez gain, 19 urteko james Wisemanek ere debut aparta egin du NBAn, 19 puntu saskiratuz, nahiz eta bere taldeak egur handia jaso.