Iraia Oiarzabal
Edukien erredakzio burua / jefa de redacción de contenidos

Ahizpatasuna

Ikusezina izan den hori guztion begi bistara ekartzen eman ditu urteak feminismoak. Pandemiak gure bizitza zuzenean zeharkatzen dituen hainbat eta hainbat auzi neurri handi batean estali dituen honetan, zeregin horretan sendo jarraitu du mugimenduak. Izurriaren erdigunetik hasita, aspaldion aldarrikatu den bezala, zaintzaren inguruan egin beharreko hausnarketa sakona ageri-agerian gelditu da, esaterako. Zenbait mito deseraiki eta gure bizitzetan zentrala den hori, elkar zaintzea alegia, botere harremanetatik at kokatzeaz mintzatzen zaizkigu aktibista eta pentsalariak. Zaintza zentzurik zabalenean aztertzeaz ari gara, eta hor koska bat gorago kokatu behar dugu geure burua. Eztabaida hori gizartean zabaltzea eta erakundeetara eramatea erronka handia da, eta horretan tinko jarraitu du feminismoak 2020an ere, pandemiak pandemia. Edo pandemiak errealitate hori are gehiago biluzita akaso.

Ikusezintasunaz ari gara. Zaintzaren zama noraino den eta izan den ikusezin emakumeon bizkarrean. Biolentzia ikusezinaz. Azalak urratzen dituen bortizkeriaz, psikologikoki birrintzen duen bortizkeriaz, egiturazkoa den bortizkeriaz. Patriarkatuaz eta botere harremanez. Horren aurrean erantzuten milioika pertsona ikusi ditugu urte ezohiko honetan ere. Pandemiak dena busti aurreko Martxoaren 8an eta baita ondoren ere, musukoa jarrita, azaroaren 25ean indarkeria matxistaren kontra mundu osoko plazetan, abortuaren ilegalizazioaren aurka Poloniako kaleetan…

Eztabaida eremu publikora zabaldu da, gure bizitzetan dago. Emakume eta gizon asko batu da feminismora eta borroka horretan sakontzeko unean gaude orain. Hain indartsu eta zentrala den kausa honetan azaleratzen diren kontraesanak ere aztertuz. Bai, kontraesanek harrapatzen gaituzte batzuetan. Ez gara salbu. Horiei nola aurre egin, hor dago koska. Feminismoa mugimendu askatzailea da, horregatik da hain indartsua eta batu ditu hainbeste lagun bidera. Aldarrikatu dituen balioen artean bada bat urteetan zehar klabe demostratu dena: ahizpatasuna. Aniztasunean irabazten ari den honetan, ahizpen arteko harreman hori zaindu eta elkarrekin ikastea da parez pare daukagun erronka zoragarria.