NAIZ

Jaka: «Erabakiak hartzerakoan ez dut asmatu»

Lizartzako aurrelariak Altunaren lana nabarmendu nahi izan du bere adierazpenetan, nahiz eta onartu zenbait erabakitan ez duela asmatu. «Segundo eskas batzuetan hartu beharreko erabakiak dira, eta hemen akatsik txikiena ere garesti ordaintzen da».

Jaka, amorratuta gaurko finalean (Aritz LOIOLA / FOKU)
Jaka, amorratuta gaurko finalean (Aritz LOIOLA / FOKU)

«Aurrekoan ametsa betetzea izan zen, eta gaurkoan pena», onartu du Erik Jakak finalaren amaieran. Sentimendu gazi-gozoak, kaiolako txapelak ihes egin diolako baina sekulako urtea izan delako beretzat. «Pozik hemen egoteko aukeragatik, ez da gutxi, ea hurrengo urteetan ere hemen egoteko aukera dudan».

Finalean gertatutakoa aztertzerakoan, Jokin Altuna bera baino gehiago izan dela onartu du, baina bere erabaki batzuk txarrak izan direla ere ez du ezkutatu. «Beroan zaila da esatea. Aztertu beharreko partida izango da. Altunaren meritua izan dela zalantzarik ez, sekulako neurketa jokatu du, perfekto jokatu du. Eta nik ez dut asmatu nirea egiten, berak ez didalako utzi agian. Esan eta esan aritu naiz aurreko egunetan hemen batek bere jokoa egiten duenean besteak berea egitea oso zaila izaten dela».

«Ez dakit horregatik izango zen edo beste arrazoiren batengatik. Partidako une batzuetan iruditu zait erabakiak hartzen ez dudala asmatu, batez ere joko azkar horretan aurrera egiteko tendentzia daukat nik, eta agian aurrera egin behar zenetan atzera egin dut eta alderantziz. Segundo eskas batzuetan hartu beharreko erabakiak dira, pilota oso azkar etortzen da, eta hemen akatsik txikiena ere garesti ordaintzen da. Argi dagoena da Jokin ni baino gehiago izan dela eta merezimendu osoz irabazi duela», gaineratu du lizartzarrak.

Materialari ere ez dio aitzakiarik ipini: «Jokinen pilota nabarmen ikusi da hasieratik amaierara aldatu egin dela, baina gaurko partidan pilota horrekin edo baloi batekin Jokinek irabazi egingo zidan».

Edozein kasutan, harro agertu da egindako urte bikainarekin eta bide horretan jarraitzeko asmoa erakutsi du. «Bi final banaka eta finalerdiak Binakakoan. Noski, final honen eta Binakako horren penarekin gelditzen naiz baina orokorrean oso pozik egoteko urtea da. Edozein pilotarik sinatuko lukeen urtea da eta baita nik ere datozen urteetarako», esan du.

Azkenik, aurki hasiko den Binakako Txapelketari begira, adierazi du «garrantzitsuena» aukeratuen artean egotea dela. «14 partida jokatzeko aukera izango dut berriz eta ea iaz bezalako lana egin dezakedan».