Elkarrizketa
JOKIN ALTUNA
LAU ETA ERDIKO TXAPELDUNA

«Galdutako finalen ondoren txapel hau gehiago baloratzen dut»

Horretarako egoera aproposena izan ez arren, su artifizial eta guzti egin zioten harrera Jokin Altunari igandean Amezketan bere kaiolako bigarren txapela ospatzeko. Afaria familian, txanpan pixka bat eta bost bat ordutxo lo eginda esnatu zen atzo.

Jokin Altuna. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)
Jokin Altuna. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Zaparrada galantekin eta Txindoki zuri-zuri dagoela hartu gaitu Amezketak. Altuna bera ere euritik ihesi korrika iritsi da komunikabideekin jarritako hitzordura zintzo-zintzo.

Txapela irabazi eta 24 ordura zer gogoeta egiten duzu garaipenari buruz?

Egun oso polita izan zela, ez finaleko momentua bakarrik. Oso ongi sentitu nintzen goizetik. Ilusio handia nuen finala jokatzeko eta berotzen hasi nintzenetik sentsazio oso onak izan nituen eta asko gozatu nuen partida jokatzen. Zaila izaten da finaletan gozatzea, atzo [herenegun] lortu nuen eta oso pozik horregatik. Bueltakoan jendeak ongietorri polita egin zidan eta egun polita izan zen niretzat.

Finala amaitzean esaten zenuen aurreko bi txapelak irabazi zenituenean baino kontzienteago zarela orain txapel bat irabaztearen zailtasunaz.

Bai, askoz gehiago. Azkenean aspirante moduan jokatzen duzunean ez dut esango errazagoa denik txapela irabaztea, baina ez duzu horrenbeste pentsatzen horretan, gutxiago espero duzu. Baina behin irabazi duzunean, eta bigarrena ere kasik segidan irabazi nuen, ia konturatu ere egin gabe, jada hor goian kokatzen zara eta exijentzia maila igo egiten da. Txapel gehiago irabazi nahi dituzu, lan ona egiteaz aparte saria eskuratzeko helburua duzu. Aurreko bi urteetan nik uste oso urte onak egin ditudala, baina finaletara iristean ez zait suertatu irabaztea, eta atzokoa [herenegungoa] latza izan zen arren, ez diot inolaz ere balorea kendu nahi aurrez egindako txapelketei. Are gehiago baloratzen ditut orain. Oso zaila da hor gora iristea, pilotari ikaragarriak daude, konpetentzia handia, eta oso harro nago.

Urte berezia izan da hau, or har eta batez ere pilota munduan. Zu ere oso inplikatuta ikusi zaitugu egon diren arazoetan. Esan liteke zure ibilbidean urrats bat ekarri duela heldutasunera bidean?

Hainbat faktore tarteko, gauza desberdin asko bizitzea tokatu zaigu denoi aurten eta niri ere bai pertsonalki. Lehenik etxean egotea tokatu zitzaigun denbora dezente, ez genekien aurten jokatzerik izango genuen ala ez, dena zalantzak ziren. Gero jokatzen hasi eta greba etorri zen. Une zailak izan ziren, batez ere greba egin zutenen pilotarientzat, baina uste dut denoi asko baldintzatu zigula egoerak. Zorionez amaitu zen hori, garrantzitsua izan zen, eta txapelketetan zentratzeko aukera izan genuen. Bagenekien bi txapelketa zeudela urtea amaitzeko, bi hilabete eskasean biak, eta oso exijentea izan da guretzat. Astero txapelketako partida, errekuperatzeko denbora gutxi, birusa harrapatzeko beldurrez beti, birusa harrapatuz gero kalera… Alde horretatik ez da erraza izan animikoki ongi aguantatzea. Baina horregatik denagatik oso urte garrantzitsua izan da niretzat, eta ona.

Jakari horrelaxe onartu nion: ez zait batere gustatu finalak bere kontra jokatu behar izatea. Azken finean, bera final batean ikusteagatik ikaragarri pozten naiz, baina astean zehar egoera ez da batere erosoa izan

Ez zirudien kudeatzeko egoerarik errazena 24 urteko kirolari batentzat. Orain hilabete Erik Jakaren kontra finala galduta, berriz ere bere kontra jokatu behar… Baina atentzioa eman du helarazi zenuen lasaitasunak, zure adierazpenetan adibidez.

Niretzako erronka handi bat zen, nire maila hobetzeko gai naizela erakusteko modu bat. Eriken aurka jokatu beharko nuela jakin nuenean pentsatu zuen: “a ze erronka polita, orain hilabete bere kontra galdu egin nuen eta orain beste aukera bat daukat”. Noski, tartean burura gauzak etortzen zaizkizu, berriz ere une berdinetatik pasa behar duzu eta une horiei aurre egiteko indartsu egon behar duzu. Ez bazaude indartsu ezinezkoa da. Atzo [herenegun ] berari ere horixe esaten nion: ez zait batere gustatu finala bere kontra jokatu behar izatea. Azken finean, bera final batean ikusteagatik ikaragarri pozten naiz, baina astean zehar egoera ez da batere erosoa. Batera entrenatzen dugu, normalean elkarri gomendioak ematen jarduten dugu, biok nola hobetu ikusten, eta alde horretatik oso aste deserosoak izan dira finaletakoak. Ez daukat inolaz ere hori ezkutatu beharrik. Imajinatzen genuenean bera txapeldun irteten zela, argi geneukan ni bere ospakizunetan egongo nintzela. Eta nik irabazi dudanean ere bera beti nire aldamenean egon da. Bi final hauetan, aldiz, bakoitza bere aldetik ibili da, bere familiarekin. Eta gauza horiek partida jokatzerakoan asko baldintzatzen zaituzte, gure adinean gehiago. Oso hilabete gogorrak izan dira batez ere buruz, emozio asko izan dira, eta horiek denak kontrolatzea zaila da.

Beti aipatzen duzu ikasten jarraitu behar duzula, hobetzen jarraitu. Baina Lau eta Erdian bost final segidan jokatu dituenak ezingo du asko eduki hobetzeko. Zuk zertan ikusten duzu hobetzeko tartea.

Orain arteko lorpen eta zenbakiekin geratzen banaiz, badaukat harro egotea. Baina benetan poza ematen didatenak ez dira zenbaki horiek, baizik eta egunerokoan egiten dudan lana, nola bizi dudan pilota. Niretzako gozamena da kirol hau, asko gozatzen dut pilotan jokatzen, eta aldagelan ere giro oso ona daukagu gure enpresan, horrek ere asko laguntzen du. Ni bakarrik ez, Aspeko beste pilotariak ere emaitza oso onak lortzen ari dira, giro oso ona daukagulako. 24 urte dauzkat. Nire ustez kirolari batek 28 urtera arte edo hobetzen segi dezake, horrela ikusi dut beste pilotari batzuetan ere. Ez dago arnasa hartzeko denborarik hemen, bai fisikoki eta bai frontoian ikasten jarraitu behar da, eta mentalki ere ume izatetik pixkanaka gizontzen joaten zara. Etortzen diren gauza guztiak hobeto asimilatzen ikasten duzu. Eta horregatik uste dut badagoela hobetzea.

Jakarekin hitz egiteko aukera izan duzu?

Bai, gaur [atzo] deitu diot eta atzo [herenegun] ere hitz egin nuen berarekin. Aurreko finalean ere hitz egin genuen. Zer moduz zegoen jakin nahi nuen. Oso erlazio ona daukagu. Egia esateko oso ongi ikusi nuen, osorik. Hori bai, berak ere onartu zidan beratzat ere ez direla aste errazak izan. Azken bi hilabeteotan adina elkarrizketa eta konpromiso ez ditu inoiz izan, eta gauza horiek ere azkenerako nekatu egiten zaituzte. Biok ere aste hau nahiko lasai hartuko dugu, ea asteburuan noiz dugun partida, baina egun pare bat deskonektatu eta berriz ere pilak kargatzen saiatu behar dugu. Eta ea aurrerantzean ere orain arte bezain ongi joaten zaigun bioi.

Eta orain Binakako Txapelketa. Hasi al zara horretan pentsatzen?

Ba oraindik ez. Familiarekin bazkaldu, arratsaldean zuekin egon… Bihar [gaur] daukagu aurkezpena eta bihar [gaur] arratsaldetik aurrera hasiko naiz horretan pentsatzen: entrenatzailearekin hitz egin, ongi prestatu, eta ahal den ilusio gehienarekin ekin txapelketari.

24 urte dauzkat. Nire ustez kirolari batek 28 urtera arte edo hobetzen segi dezake, horrela ikusi dut beste pilotari batzuetan ere

Binakako txapela falta zaizu soilik. Hori irabazteko asmoa edo helburua ere izango duzu, ezta?

Bai, noski. Helburua eta ilusioa, baina zaila da. Txapelketari begiratzen badiozu inoiz ez naiz iritsi finalera, baina ez nuke esango beste modalitate batean binaka baino hobe sentitzen naizenik. Urte guztian zehar oso eroso sentitzen naiz binaka, baina suerte puntu bat behar duzu finalera iristeko, faktore asko daude eragiten dutenak. Orain arte une klabe horietan gauzak ez zaizkit ongi atera, baina espero dut nire ibilbidea amaitzen denean binaka ere txapelen bat edukitzea nire palmaresean. Saiatuko naiz hala izan dadin.