Kike Amonarriz, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria

2022ra begira

Ez da urte erraza izan euskalgintzarentzat. Euskararen zaurgarritasuna eta ahulguneak agerian gelditu dira, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariaren iritziz. Aldiz, berri onak ere izan dira, bere ustez, eta, horiek oinarri hartuta, urrats berriak proposatzen ditu aurrera begira.

Koronabirusak erasandako urte hau amaitzera doa, baina jakin badakigu datorren urtean ere pandemiak jarraituko duela, zein intentsitatez eta noiz arte ikuskizun badago ere. Euskalgintzan ere, egoera normalizatu samarra izango dugun itxaropena 2022. urtera atzeratu dugu, erabateko ziurtasunez ez izan arren. 2021. urtean, beraz, covid-19aren ondoko egoeraren oinarriak ezarri beharko genituzke, 2020an ikasi omen duguna aintzat hartuta, aurreak erakusten baitu atzea nola dantzatu.

Hasteko, nabarmenduko nuke euskararen zaurgarritasuna eta ahulguneak agerian utzi dituela pandemiak: ikasle askok ez duela harremanik euskararekin eskolatik kanpo, ikus-entzunezko eskaintzaren ahuldadea eta kultur-sektorearen egoera prekarioa zein kezkagarriak diren, edo entitate eta erakunde askok euskaldunon hizkuntza-eskubideak zein erraz baztertzen dituzten.

Haatik, berri onak ere izan ditugu hilabeteotan. Batetik, lortu dugu euskarak agenda komunikatibo eta soziopolitikoan lekua izatea, Euskaraldiari esker, bereziki. Gaia desagertzeko arriskua zegoen, baina ikasleen euskalduntzea, hizkuntza-eskubideak, kultur sorkuntza edo biziberritze-prozesua bezalako gaiak aztergai eta eztabaidagai izan ditugu. Ugariak izan dira plazaratu diren kezkak eta arazoak, egoerari aurre egiteko iniziatibak, egokitutako egitasmoak edo eskaintza berriak. Bestetik, euskaraz bizitzeko eta hizkuntza sustatzeko herri-gogoa indartsu kaleratu da berriz ere: babes sareak, Errigora, Euskaraldia, kultur eskaintzak, Durangoko Azoka... Pandemia ezin daiteke euskararentzat galga izan. Horixe adierazi dugu hilabete hauetan milaka euskaltzalek eta baita Kontseilua osatzen dugun erakundeok ere, ekainean aurkeztu genuen “Geroa euskaratik” adierazpenean. Aktibazio soziala indartzen jarraitzea izango da 2021eko erronka nagusietako bat, komunitate izaerak ahalbidetuko duelako euskararen garapena.

Nabarmen ikusi da, bestalde, aurretik zetozen dinamika batzuk sustatzen jarraitu beharko dugula. Euskalgintza barruko konplizitateek aktibazio sozialean eragin biderkatzailea dutela ikusi dugu Errigoran, Euskaraldian eta Durangoko Azokan, besteak beste. Eragileen arteko indar metaketak murgiltze-ereduaren aldeko mugimenduak eragin ditu Frantziako Estatuan. Aurreko krisian ez bezala, Euskal Herriko administrazio nagusiek eta udal gehienek hizkuntza-politikari dagozkion aurrekontuei eutsi egin diete, pandemiak euskalgintzan izan dezakeen eragina leunduz. Beraz, era guztietako eragileen konplizitatea eta inplikazioa handitzea ezinbestekoa izango zaigu euskararen erabilera areagotzekotan.

Zein bide hartuko dugu, ordea? Datorrena, arnasa luzeko akordioen urtea izan daiteke. Partekaturiko balio, arau, konpromiso eta politika praktikoen bidea har genezake, edo kontrako norabidea aukeratu: “elkarlana” ala “elkarjana”, “indar metaketa” ala “indar kontrajarketa”, “herri gisa” ala “arerio gisa” jokatu? Gure apustua argia da, ez baitugu indarrik sobera, eta eraginkorrak izatekotan, ditugun guztiak ondo artikulatu beharko baititugu euskararen biziberritze-bidean.

Erronka handiak ditugu zain! Haur eta gazte guztiek ezagutza egokia lortzea, “Berrindartu eta jauzi” txostenean genioen bezala, eremu ez-formalean eta alor sozioekonomikoan jauzia ematea, haur eta gazteei zuzenduriko eskaintza euskarazkoa izan dadin eta lana euskaraz egin ahal izan dezaten, ikus-entzunezkoetan eta eremu digitalean (EITB barne) eskaintza duina eta sustapena bermatzea, sorkuntza indartu eta hedatzea; herritarren euskararekiko atxikimendua sendotzea (Nafarroan bereziki), ezagutzaren unibertsalizazioranzko bidean sakontzea, Euskaraldiak sortutako energia soziala egonkortu eta iraunkorki lan egingo duten elkarteak sortzea, eta parte hartu duten entitateekin lanean jarraitzea. Eta, ondorioz, Euskal Herri osoan erabilera handitzea.

2022ra begira, pandemia gainditzearekin batera, euskararen biziberritze-prozesuaren oinarriak sendotu eta urrats berriak egin ditzagun.