NAIZ

Elurra 300 metrora Urte Berri egunean, eta beherago larunbatean

Urte berria zaharra joan den bezalaxe hasiko da, eguraldi adituen arabera: tenperatura hotzak eta elurra izango dira, nahiko maila baxuetan gainera. [Xehetasun guztiak, NAIZ Eguraldian]

Urkiolan gaur, lerarekin jolasten. (Raul BOGAJO/FOKU)
Urkiolan gaur, lerarekin jolasten. (Raul BOGAJO/FOKU)

Neguko giro desatsegina iragarri dute eguraldian adituak direnek datozen egunetarako, tenperatura hotz eta elurrarekin, kota nahiko baxuetan gainera.

Euskalmeten arabera, 2021. urteko lehenengo egunean eguraldi hotzarekin jarraituko dugu eta, agian, Urtezahar egunean baino hotz handiagoa egingo du, maximoak ez baitira 5 gradutik gora igoko barnealdeko leku askotan, eta kostaldean 8 gradu inguruan geratuko baitira. Minimoek, berriz, ez dute aldaketa handirik izango.

Elur maila 700 metrotik behera kokatuko da eta elurra 300 metro inguruan ere egin dezake. Aurreikuspenen arabera, 20 zentimetro pila daitezke 1.000 metroan eta 2-5 zentimetro 600 metroan.

Larunbaterako, berriz, elurra 200 metrora jaitsi daitekeela iragarri dute. 600 metroan 10-20 zentimetroko elur geruza pilatu daiteke. Kantauri isurialdean kazkabarra bota dezake.

Horregatik, Lakuako Segurtasun Sailak abixu horia indarrean mantenduko du ostiral gauerdira arte.

Nafarroan ere abixu horia indarrean dago eta elur maila 300-500 metro artean egongo dela diote adituek. Gobernuak dei egin du beharrezkoak ez diren bidaiak saihesteko eta, bidaiaren bat egin behar badugu, bakarrik ez ibiltzeko eta aldez aurretik errepideen egoera kontsultatzeko.

Tenperatura hotzak eta elurra kota nahiko baxuetan datorren astearen hasierara arte luza daitezke.