NAIZ

Presoen urruntzearekin bukatzeko eskatu dute Villabona eta Zizurkil arteko manifestazioan

Euskal presoak Euskal Herrira ekar ditzatela exijitzeko manifestazioa egin dute gaur iluntzean Villabona eta Zizurkil artean. Aiztondo bailarako udalek deitu zuten mobilizazioa.

Villabona eta Zizurkil artean egin dute manifestazioa. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Villabona eta Zizurkil artean egin dute manifestazioa. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Aiztondoko udalek egindako deialdiari jarraiki, manifestazioa egin dute gaur arratsaldean Villabona eta Zizurkil artean, euskal presoak Euskal Herrira ekar ditzatela aldarrikatzeko.

Bailara horretako Aduna, Asteasu, Amasa-Villabona eta Zizurkil eta Alkizako udalbatzek aste honetan bertan onartu duten adierazpenaren ondotik etorri da mobilizazioa. Euskal presoen urruntze politikarekin amaitzearen aldeko erakunde adierazpena onartu zuten joan zen asteartean, gehiengo osoz.

Adierazpenak zenbait eskakizun jasotzen ditu, kasurako, Espetxeetako Lege Orokorrak ebazten duena bete dadila, «askatasunaz gabetzen duten zigorrak bete daitezen norbere ingurunetik deserrotu gabe, birgizarteratzearen printzipioek adierazten duten moduan». Horrekin batera, «beste espetxe politika» bat eskatu zuten aipatu udalek, preso eta familien arteko komunikazioa errazteko.

Testua Pedro Sanchez, Iñigo Urkullu, Maria Chivite, Jean-Rene Etchegaray eta Aiztondo bailarako euskal presoak aurkitzen diren espetxeetako zuzendaritzei bidaliko diete.