NAIZ

Arazo gutxi oraingoz, baina elurra dago iragarrita datozen orduetarako

Urte berriarekin batera badiru elurra ikusiko dugula Euskal Herriko bazter askotan. Une honetan errepideetan ez dago arazo handirik eta soilik Opakua dago itxita. Datozen orduetan, baina, eguraldiak okerrera egingo du. Eguraldiaren inguruko informazio guztia, gure webgune berezian.

Elurra kentzeko makina bat A-15 autobidean lanean. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Elurra kentzeko makina bat A-15 autobidean lanean. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Arabako Opakua mendatea da elurragatik mota guztietako ibilgailuentzat, une honetan, itxita dagoen bakarra. Herrerako mendatean, berriz, debekatuta dago kamioiak ibiltzea, baina kateak dituzten autoak ibil daitezke.

Hala ere, Lakuako Segurtasun Sailak kontuz ibiltzeko gomendioa eman du N-1 errepidean, Etzegarate mendatean, A-15 autobidean, Nafarroa eta Andoain artean, eta AP-1 Eibar-Arrasate autobidean, elurra ari baitu.

Era berean, bigarren mailako errepide-sareko 16 mendate zeharkatzen dituzten bideetan ere kontu handiz ibiltzeko eskatu dute: Aiurdin, Barrerilla, Bernedo, Gasteiz, Salinas, Kurtzeta, Urduña eta Zaldiaran, Araban; Andatzarrate, Arlaban, Elosua eta Urraki, Gipuzkoan, eta Barazar, Bikosgana, Escrita eta Urkiola, Bizkaian.

Araban, elurrak arazo gehien eragin ditzakeen lurraldean, Foru Aldundiak neguko errepideetarako programa operatiboa aktibatuta du larrialdi fasean. 35 langilek eta elurra kentzeko 10 taldek parte hartzen dute programa horretan.

Izan ere, elurrari dagokion abisu horia egun guztian egongo da indarrean, 500 eta 600 metro inguruko kotan, baina gauean 300-500 metrora jaitsiko da. Zaparrada txiki edo ertainak espero dira Kantauri isurialdean, eta ekaitzek txingorra ere bota dezakete.

Bihar, berriz, alerta mailak gora egingo du elurragatik. Izan ere, kota 200 eta 400 metro inguruan kokatuko da. Kantauri isurialdean ere zaparradak botako ditu eta txingorra ere espero da.

Nafarroan, modu berean, zerua estalita egongo da ostiral honetan, egunaren hasieran euria egin du zonalde askotan, eta gainerakoan hodei tarteak izan dira. Baina egunaren amaieran elur maila 400 metrora jaitsiko da pixkanaka.

Tenperatura minimoak ere jaisten joango dira eta maximoek ez dute aldaketa esanguratsurik izango, izotz ahulekin, Kantauriko isurialdean izan ezik, eta are gogorragoak Pirinioetan. Mendebaldeko haizea ibiliko da Kantauri isurialdean eta ipar-mendebaldekoa gainerakoan, amaieran hego-mendebaldera biratuz.