Estibalitz Ezkerra
Literatur kritikaria

Koloreak (II)

2015eko Staburcksen edalontziak gorriak ziren eta erdian, zuri eta berdean, konpainiaren logoa zuten. Gabonetako koloreek hortxe jarraitzen zuten, baina Gabonekin loturiko sinbolorik gabe. Trumpen aburuz, diseinua antiamerikarra zen eta AEBetako populazioaren zati handi bat iritzi berekoa zen. Hurrengo urtean hasierako diseinu eredura bueltatu zen Starbucks. Aurten polemika piztu da berriz, oraingoan zenbait komunikabideren eskutik, azaro amaieratik ‘jai zoriontsuak’ opatzen ibili direlako ‘Gabon zoriontsu’-en ordez.

Arrazoia, 2015eko bera: azaro amaieratik urtarril erdialdera arteko epean hainbat jaiegun daudela, kristauak eta bestelakoak. Baina hara non hainbat kristau haserretu egin diren estatubatuar baloreak zapalduta ikusi dituztelako. Bitxia da zer kontsideratzen den ‘kultura nazionala’ eta zer ‘sinesmen kontua’ erlijioari dagokionez. Bere burua laikotasunaren erreferentetzat duen Frantziak eragozpenik ez du egutegi kristauari jarraitzeko abendua heltzean, baina hanukkah edo ramadana bezalako ospakizunen ofizialtasuna eskatu eta fanatiko erlijiosotzat hartuko zaituzte. Laikoari kosta egiten zaio ulertzea zenbateraino txertatuta dagoen kristautasuna geure kulturan, ohituretan, hezkuntzan eta bai, baita legeetan ere. Hain normalizatuta dago, ezen ikusezin bihurtu baitzaigu. Baina pixka bat haztatuz gero, hortxe ateratzen dira, ingelesez esaten duten bezala, geure true colors edo benetako koloreak. Eta hara paradoxa, Gabonekin lotzen ditugun zenbait ohitura ez dira jatorriz kristauak. Azken batean, turroia kultura arabiarrei zor diegu.