NAIZ

Leitzako itxialdiaren memoria bildu du ‘…eta plaza larre bihurtu zen’ dokumentalak

Konfinamenduaren memoria kolektiboa ikus-entzunezko dokumentu batean jasotzeko helburuz sortu da ‘…eta plaza larre bihurtu zen’ dokumentala. Leitzako herriak itxialdia nola bizi izan zuen islatzen du.

Leitzako plaza landareriak hartu zuen itxialdian. (NAIZ)
Leitzako plaza landareriak hartu zuen itxialdian. (NAIZ)

Konfinamendu garaian, belarra eta landaretza Leitzako plazako galtzada-harri tradizionalen arrailduren artean loratu zen. Irudi horrek ongi baino hobeto islatzen du itxialdian naturak izan zuen berpiztea, eta irudi horrek ematen dio izena ‘…eta plaza larre bihurtu zen’, Leitzako konfinamenduaren memoria historikoa biltzen duen dokumentalari. Lana Leitzako Udalaren eta Labrit Ondarea lan taldeko kideen ekimenez osatu da eta larunbat honetan, urtarrilak 2, aurkeztuko da Leitzako Herri Aretoan (18.00).

Ekimenaren sustatzaileek azaldu dutenez, itxialdiko aste horietan erabat aldatu zen Leitza ere. Kale hutsak, irekita zeuden denda bakanetako sarreretan ilarak eta parke zigilatuak, besteak beste. Hori guztia, normaltasunera itzultzeko zain, balkoietara etengabe ateratzen ziren bizilagunen begiradapean. «Egun horiek bakardadea, asperdura, antsietatea… ekarri zuten, baina ekimen positibo eta berritzaile ugari ere bai, besteak beste, zailtasunak zituzten pertsonei arreta emateko Herritarren Laguntza Sarea, hainbat motatako bideo kolektiboak, distantziatik sortutako abestiak edota ‘Baserritik etxera!’ bezalako proiektuak, tokiko produktuen kontsumoa inoiz baino gehiago bultzatzeko auzolanean sortutako ekimena», zehaztu dute.

Dokumentalak irailaren hasieran, covid-19 kasuek gora egiten zutela ikusita baheketa masibora deitutako herritarren %75ak egin zituzten PCR proba boluntarioak, eta konpromiso horren berri ere ematen du dokumentalak. «Zalantzarik gabe, historiako etapa bat izan da, lehenaldia eta geroaldia markatuko dituena. Horregatik, Leitzako Udalak ondare immaterial hau bildu egin nahi izan du, hamarkada batzuk barru jardunbide egoki horietaz gozatu ahal izateko», azaldu dute.

Proiektua Labrit Ondareak gauzatutako lan zabalago baten zati bat dela gaineratu dute. Ikuspegi antropologikotik, historikotik eta gizatiarretik, konfinamenduaren egunetan protagonismo berezia izan zuten pertsonen testigantzak jaso direla azaldu dute eta material hori, metodologia zientifiko bidez aztertu ondoren, gainerako ondare immaterial unitateekin batera Udaleko artxibo historikoan gordeko dela nabarmendu dute, etorkizunean ere herriaren eskura izateko.