Gaizka Izagirre Brosa

Politika telesail formatuan

Pantaila txikiak, politikaren mundua nola irudikatu duen aztertu nahi dut. Politikaren zoko zoragarri, baina era berean aspergarri eta ustel horiek guztiak telesail formatuan jorratu dituzten izenburu interesgarri hauek gomendatzera nator.

Borgen

NETFLIX

Ahaztu Danimarkatik datorrela, politikaren munduan barneratuko gaituela eta atal bakoitzak ordubeteko iraupena duela. “Borgen” boterea, ustelkeria, zintzotasuna, familia, gizartea eta kazetaritza uztartzen dituen hausnarketarik biribilena eta zorrotzena izan liteke; eta, batez ere, entretenigarriena. Danimarkako lehen ministro izateko Birgitte Nyborg politikariak egunero egin behar duen lana eta sakrifizioa erakusten dizkigu telesail honek. Baita helburu horrek bere bizitza pertsonalean izango duen eragina ere. Nyborg ez da ohiko politikaria, ordea. Lehen ministro izateko bidean da, baina bere integritateari eutsiz, idealak errespetatuz eta herriaren interesen alde borrokatuz.

Gidoi bikaina eta dotorea, tonu didaktiko eta sakona duena. Aktore guztiak ere nabarmentzekoak, baina, batez ere, protagonistarena egiten duen Sidse Babett Knudsen azpimarratuko nuke. Bere pertsonaia gutako edonoren pare jartzeko duen gaitasunak bere familiaren eremu pribatuan sartzeko aukera ematen digu. Politikariekiko dugun irudi hotz eta eskuraezin hori guztiz apurtu eta pertsona arrunt baten mailan jartzen du. Noski, politikaren lehen lerroan kokatzeak hainbat momentutan eskuetatik alde egingo dion garapen pertsonal eta profesionalera eramango du. Oro har, emakumearen irudia eta eginkizunak oso modu interesgarrian aurkezten ditu telesailak, topikoak eraitsiz eta estereotipoetara jo gabe. Erritmo biziko trama du, eta sastatzeko moduko elkarrizketa zorrotz eta burutsuak. Beldurrak eta nagitasuna gainetik kendu eta emaiozue aukera bat, ez zarete damutuko eta.

RáÐherann

AMC Networks International

“Trapped” telesail gomendagarrian erakutsi zigun jada Olafur Darri Olafsson aktore bikainak zer-nolako maila duen, eta ekoizpen paregabe honetan ere hala frogatu du. Benedikt Rikhardsson Islandiako lehen ministroa gorpuzten du kasu honetan, bere osasun mentalaren okertzea dela-eta gobernuaren egonkortasuna eta bere ingurukoen bizitzak mehatxupean jarriko dituen politikaria. Islandiako mekanismo politiko guztiak ezagutzeko aukera ematen digun telesaila da, baina batere konbentzionala ez den lehen ministro baten ikuspuntutik. Pertsonaiaren garapena era oso interesgarrian azaldua dago, niri pertsonalki gehien gustatu zaidan alorra.

Islandiako RÚV katean estreinatu zenean, bere lehen atalak %41,1eko rating eta %94,4ko share ikaragarriak lortu zituen.

Baron Noir

HBO

Errebantxa sozialeko egarri eutsiezinak bultzatuta Philippe Rickwaert (Kad Merad) Frantziako Alderdi Sozialistako Nordeko alkateordearen epopeia politiko eta judizialaren kronika azaltzen duen telesaila. Ekoizpenak, politikako hodi ilunenak zeharkatzen ditu: traizioak, manipulazioa, botoak erostea, mendekuak eta ustelkeria, besteak beste. “Baron Noir”-en zerbaitek harrapatzen badu, desengainu orokorrarekin lotzen den gaurkotasun politikoaren erretratu hiperrealista da. Fikzioan azaltzen diren siglak zure inguruan dauzkazun benetako alderdi politikoekin ordezkatu, eta ziur antzeko zerbait ikusiko duzula. Aipaturiko Rickwaert, boterearen erotikak horditutako pertsonaia magnetiko bat da, maila ebolutibo politikoaren gorenean egotearekin itsututa bizi dena, aurrean nor dagoen axola gabe. Erraza da atal batzuetan arrazoi ekonomikoa ia bigarren mailakoa dela antzematea, jatorri nahiko apaletik etorri arren, eta inplikazio emozionalak, ordea, harri txiki bat besterik ez dira bidean eta ez diote arretarik kentzen haren benetako helburuari, botereari, alegia.

Politika maite dutenei gozamen berezia eragingo dien arren, ikusle orokorrari ere gustatuko zaio, azken batean, ondo egindako thriller politiko bat baita.

The West Wing

AMAZON

Urrezko hiru globo, 27 Emmy sari eta nazioarteko sari ugari. Politikaz mintzo bagara, historiako telesail onenen zerrenda ugaritan azaltzen den “The West Wing” telesaila aipatzea derrigorrezkoa da. Joshua Bartlett presidente demokrataren egunerokoa erakusten digu, ekonomialari katolikoa eta pentsaera liberalekoa, bere kolaboratzaile leialekin batera AEBetako kudeaketari aurre egin beharko diona.

Aaron Sorkin sortzailea aipatzea ere ezinbestekoa iruditzen zait telesail honen muina ulertzeko. Elkarrizketa ugari bezain zorrotzetan oinarritzen baititu bere gidoiak, iraupen luzeko travelling-ekin osatuak askotan. Gainera, pertsonaia askok parte hartzen dute eszena berean, horrek dakarren guztiarekin: denbora tarte laburrean pertsonaia asko, oinez eta etenik gabe hitz egiten duten bitartean. Ohartarazten dut, beraz, agian ez dela publiko guztientzat. Oso konplexua da. Oso azkarra da. Oso ondo pentsatutako gidoia du, amerikar politikaz gainezka eta esaldi gogoangarriz betea. Beren keinuetan, begiradetan, esku hartzeetan definitzen diren pertsonaiak, guztiak iheskorrak. Karismatikoa da eta batez ere, onerako zein txarrerako, oso amerikarra da.

Parlement

FILMIN

Europako Parlamentuak zertarako balio duen ez badakizu, hauxe da zure telesaila. «Euroeszeptikoentzat satira desegokia», dio telesailaren leloak. Samy Frantziako parlamentari laguntzaile gaztea da kontakizunaren protagonista nagusia, eta ahalik eta unerik txarrenean hasiko da lanean: Brexit-aren erreferenduma egin eta aste gutxira. Europako Parlamentua izaki erraldoi, nahasi eta burokratiko moduan aurkezten du telesailak hasieratik. Europako herritar askok ez dute ondo ulertzen Erkidegoko erakundeen funtzionamendua, eta horrek instintiboki enpatia sentiarazten digu Samy protagonistarekiko.

Telesailak hobekien funtzionatzen duenean, satiraren berezko esentzia horretan guztiz murgiltzen denean da eta ageri diren pertsonaien erradiografia umorearen bidez azaleratzen duenean. Legebiltzarkideak ezgai edo pertsona makiaveliko gisa islatzen dituenean adibidez, aparta iruditu zait.

The Plot Against America

HBO

David Simonek –“The Wire” telesailaren sortzaileak, besteak beste– Philip Rothen eleberri profetikoa egokitu du, demagogo arrazista baten eskuetan geratu diren Estatu Batuei buruzko erradiografia oso pertsonala egiteko. Istorioa 40ko hamarkadaren hasieran garatzen den arren, Bigarren Mundu Gerra bete-betean, egia esan, bere ideiak eta premisak oso garaikideak iruditu zaizkit eta jarrera politiko argia dute. Eleberri profetikoa nahita aipatu dut, “Heroi nazionalaren” zatia kenduz gero, Donald Trumpi buruz hitz egin genezakeelako, adibidez. Simonek, bere telesail guztietan egin ohi duen bezala, hemen ere justizia sozialeko premiazko ideia hori islatu nahi izan du; ikusleak paralelismo horiez ohartzea nahi du eta orainaldia iraganaren bertsio honen bidez ikustea.

Vota Juan

AMAZON/ HBO/ MOVISTAR

Umorearen bideak jorratzea ere ezinbestekoa da politika aztertzerako orduan eta zer hoberik izenburu hori baino. “Vota Juan” telesail zoragarri eta oso dibertigarria da eta kito. “Vergüenza” telesailaren umore deserosoa maite baduzu –hala izatea espero dut!– , “Veep” telesailarekin barre egiten baduzu eta “House of Cards”-en bertsio espainiarra ikusteko gogoz bazabiltza, baina Kevin Spaceyren pertsonaia Javier Camarak maisuki gorpuzten duen protagonista trakets, gezurti, oportunista eta baldar batekin ordezkatuta, hau da zure telesaila. Zein ongi pasatzen dudan ekoizpen honekin eta zein gustura eta erraz ikusten den. Negatibotasunak guztia inbaditzen duen garaiotan, derrigorrezkoa izan beharko luke horrelako proposamenak ikustea. Espainiar politikarien kaskarkeria islatzen duen umorezko ezinbesteko telesaila.