Amalur Artola

Negu hotzenari beroa ekarri dio Etxerat-en bertso saioak

Aiako Harri elurtuen magalean ospatu da aurtengoan Etxerat-en bertso saioa. Negurik hotzenari berotik erantzunez, zortzi bertsolari eta 360 ikusleren taupadak gatibu dituztenekin konpasean aritu dira bi orduz.

Madalensorok hartu du Etxerat-en bertso saioa. (Andoni CANELLADA | FOKU)
Madalensorok hartu du Etxerat-en bertso saioa. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Aforoak aforo, bertsozale, antolatzaile eta teknikarien –streaming bidez jarraitu ahal izan da saioa– artean 400 pertsona bildu ditu igande arratsalde honetan Oiartzungo Madalensoro pilotalekuak, gatibu dituzten presoei eta haien senide eta lagunei berotasuna eta elkartasuna adierazteko.

Harrera beroa izaten du saioak, horren lekuko sarrerak abenduaren 20rako agortuta egon izana, eta giroa ere halakoxea izan da: gertukoa eta epela. Agurrean bertan egin dio aipamena Miren Amurizak, etorriko zenaren aurrerapen gisa: ‘Elurra ari du zure sorbaldan falta duzuna oroitzean / arratsaldeon piztu dezagun su baju bat bakoitzean’.

Berarekin batera, Andoni Egaña, Julio Soto, Maialen Lujanbio, Oihana Iguaran, Uxue Alberdi, Joanes Illarregi eta Sustrai Colina izan dira zortzikoa osatu duten bertsolariak, Amaia Agirre gai-jartzaile lanean zutela.

Irritan itotzeko eta zaurietan gatza emateko, bietarako beta eman ohi du Oiartzungo saioak. Eta hala izan da igande honetakoa ere. Saioa irekitzeko, Joanes Larretxea presoak alaba jaio berria ezagutzeko izan dituen trabak izan dituzte hizpide Lujanbio eta Colinak, eta presoen eskubide urraketak landu ditu urruñarrak Saioa Santxez presoari jazotakotik tiraka: ama izan berritan, ginekologoaren bisitarik gabe geratu zen erietxera eskuak lotuta joateari uko egin ziolako; alabarekin joan nahi bazuen, goitik behera katez josia izan beharko zuela esan zioten. ‘Neure baitara bildu naiz, galduz itxaropen eta fede/ Saioa nola sentitzen den entenditu nahia xede/ pertsona nola egin liteke hain ezerez eta hain xehe?/ horrek mendeku beste izenik ez baitauka, alafede!/ nahiz eta prentsan agertzen diren horrelako mila lege/ jende askori honek ez dio bihotza uzkurtzen ere’.

Xabier Leteren heriotzatik 10 urte betetzen direla-eta, kantariari omenaldia ere eskaini diote. Hark idatzitako kantuetako esaldi bana txertatu behar izan dute euren lanean bertsolariek, pandemia egoerari ere erreferentzia egiteaz bat. Halaxe amaitu du Colinak berea: ‘Pertsona oro ez ote gaude amildegiaren ertzean/ gizonak zeinek maiteko ditu kartzelatik irtetean/ itxuraz libre gaudenok ere preso bagaude etxean?’. Illaregirenak ere jaso ditu txalo andana: ‘Askorentzako izan liteke bizitza guraria/ besteentzako igual amets bat betetzeko zailegia/ azken presoa atera arte daukagu lan nabaria/ nahiz eta sarri esaten dugun ‘badator egun handia’/ irrintzi gorriz jauzika dator irabazleen zaldia/ eta herriak izan behar du zaldi horren gidaria’.

Umorearen langa pasata, bikainak Andoni Egañak Urte Zahar gaua bakarrik ospatu nahi duen agurearen larruan sartuta bota dituen aleak, baita puntuka Soto eta Lujanbiorekin batera utzi dituenak ere. Saioari amaiera emateko, agurren aurretik, Oihana Iguaran baratza ekologikoa jartzera deliberatu den autonomoaren paperean sarrarazi du Agirrek. ‘Dena ekologiko, mimatu bastante/ transgenikoak fuera, zenbat aguante/ sulfatadora ere utzita aparte/ gero dena gorriak jotzen didan arte/ hamaika tomate, hogei aguakate, sei oilo tunante, arrautzak ez bate/ gero garesti dela esan didate’.

Horrenbestez amaitu da Oiartzungo saioa, urrun daudenak gertuago sentituz eta haiekiko konpromisoak hor dirauela ziurtatuz, Illarregik aldarrikatu duen gisara: ‘Heroi txiki bat izan zinena herri honetan lehenago/ zure burua sentitzen duzu oraintxe traban zeharo/ baina zu lasai egon zaitez eta ez kezkatu gehiago/ molde eta erak aldatu dira, baina borroka badago’.