Baionako ospitalean hilaren 7an hasiko dira covid-19aren kontrako txertoa jartzen

Covid-19ari aurre egiteko 5.000 dosi jasoko ditu Baionako ospitaleak datorren urtarrilaren 6an eta biharamunean lehen txertoak jartzen hasiko dira.

Covidari aurre egiteko txerto baten irudia. (NATALIA KOLESNIKOVA / AFP)
Covidari aurre egiteko txerto baten irudia. (NATALIA KOLESNIKOVA / AFP)

5.000 dosi iritsiko dira Baionara urtarrilaren 6an eta biharamunean, hilak 7, hasiko dira lehen txertoak jartzen. Maritxu Blanzaco Akitania Berriko Osasun zerbitzuko agentziako (ARS) ordezkariak Sudouest hedabideari jakinarazi dionez, Baionako ospitalearen zaintzapean diren bost zahar etxeetako egoiliarrak izango dira txertoa jasotzen lehenak.

Akitania Berriko eskualdean urtarrilaren 4. honetan hasi dira Covid-19 aurre egiteko lehen txertoak jartzen eta plangintza beraren baitan, Baionako ospitalean ere lehen txertoak jartzen hasiko dira datozen egunetan. 

Gauzak honela, Paue eta Baionako ospitaleen artean banatu duten lana jada abian da. Astelehen honetan, arratsaldeko ordubatean, jarri diote lehen txertoa 77 urteko emakume bati Paueko Jean-Vignalou ospitalean. Horrela, arrisku handiko pertsonekin hasi dira, baina datozen egunetan osasungintzako langileak ere txertatuko dituzte, hala nola mediku, erizain eta zaintzaileak.

Eremu pribatuan eta publikoan

Hainbeste jenderi txertoa jartzeko lana Paue eta Baionako ospitaleen artean banatuko dute. Hortaz, azken asteetan txertoa jartzeko baldintzak betetzen dituzten pertsonak identifikatu eta haien oniritzia jaso ostean prest dira Baionan covid-19aren kontrako lehen txertoak jartzen hasteko. 

ARS osasun agentziak jakinarazi duenez, Akitania Berriko eskualdean 14 eraikinetan bildu dituzte txertoak, dosiak zero azpitik 80 gradura edukitzeko prestatuta dauden eremuetan, eta hortik bi norabidetan banatuko dira, batetik ospitale publikoetara eta bestetik zahar etxe eta ospitale pribatuetara. Hala ere, epe luzerako banaketa ospitale publikoen ardurapean izango da.