Andres Osa "Sakona"

Urrezko aizkora eta harrijasotze txapelketak hasiko dira Eskuernagan

Eskuernagan emango zaio hasiera, ateak itxita eta Egur Sporten eskutik, 2021eko Urrezko Aizkolarien binakako eta Harrijasotzaileen banakako txapelketei. Urtarrilaren 6an eguerdiko 12.00etan dute urte berriko lehen zita. ETBk egun berean arratsaldeko lauetan emango du.

Gabon zahar egunean Asteasun jokatutako finala; lehen planoan, Xabier Zaldua. (Andoni CANELLADA / FOKU)
Gabon zahar egunean Asteasun jokatutako finala; lehen planoan, Xabier Zaldua. (Andoni CANELLADA / FOKU)

2021eko Urrezko aizkolarien binakako eta harrijasotzaileen banakako txapelketak asteazken honetan hasiko dira. Luis Mari Bengoak dio jendea lana egiteko desiatzen dagoela. Lehenbizko bultzada Araban emango da, Eskuernagan hain zuzen ere, eguerdiko 12.00etan. Errege egunez osasungarria den oparia  txapelketa berria hastea izango da. ETBk diferituan emango du arratsaldeko lauetan.

Txapelketa, aizkoran zein harrijasotzen, hiru multzotan banatuta egingo da. Bidea iriki eta markatzea A taldeko aizkolari bikoteek egingo dute. Partaideak dira Juan Jose Lopez Azpilikueta-Iban Resano, Hodei Ezpeleta-Goizeder Belza eta Oier Kañamares IV.-Zuban Kañamares V. bikoteak. Oier Kañamaresek Gabon zahar egunean Asteasun jokatu zen finalean txapela irabazi zuen.

Hiru bikote hauen lana guztira bederatzi enbor modalitate desberdinetan partitzea izango da. 45 ontzako enborra erlojuaren aurka, beste 45 ontzakoa zutik jarrita, 65 ontzakoa abiadurazko proba izango da eta azkenik sei enbor 60 ontzakoak segidan. Ez da proba itogarria baina txanda libreko lana denez, bizia eta atsegina izatea espero da.

Harrijasotzaileak ere hiru miltzotan banatu dira. Sailkapen fase honetan zortzi arroako hiru harri erabilko dituzte. Harri motak kopa, kubika eta bola dira eta bakoitzarekin bi minutuko txanda egin beharko dute. A multzoko hiru harrijasotzaileak Gorka Etxeberria, Beñat Telleria eta Iker Zubizarreta dira. Urte zahar egunean Asteasun jokatu zen finalean Etxeberria-Eizmendi bikoteak jantzi zuten txapela.

Igandean Ribabellosan bigarren jardunaldia

Hasiera indartsua izan da Egur Sportek markatu duen martxa eta igandean, B multzoko aizkolari eta harrijasotzaileak lanari ekingo diote Ribabellosan, eguerdiko 12etan. Igandean parte hartuko duten binakako aizkolariak hauek dira: Luis Polanco-Julen Olano, Suharri Rodriguez-Jokin Urretabizkaia "Basozabal", eta hirugarren bikotea Ibai Soroa eta Txomin Amundarain.

Harrijasotzen B multzoko lau indartsu plazaratuko dira: Mikel Lopetegi "Urra", Hodei Iruretagoiena "Izeta IV.", Jagoba Otaegi eta Iraitz Arruti. Harrijasotze txapelketan zortzi arroako hiru harri erabiliko dituzte eta  bi minutuko txanda bakoitzarekin.

Ribabellosako hitzordua zuzenean emango du ETBk.