NAIZ

Modernaren txertoaren lehen dosiak datorren astearen amaieran iritsiko dira espainiar Estatura

Salvador Illa Osasun ministro espainolak iragarri duenez, Moderna laborategiak garatutako txertoaren lehen dosiak zazpi edo hamar egun barru iritsiko dira, eta sei bat astetan 600.000 dosi inguru jasotzea espero dute.

Moderna laborategiak garatu duen koronabirusaren aurkako txertoa. (Joseph PREZIOSO/AFP)
Moderna laborategiak garatu duen koronabirusaren aurkako txertoa. (Joseph PREZIOSO/AFP)

Bruselak Europar Batasunean Modernaren txertoa erabiltzeko baimena eman eta biharamunean, espainiar Estatura noiz iritsiko den zehaztu du Illa ministroak.

Pfizer eta BioNTech enpresek garatutakoaren ondotik, EBn jarriko den bigarren txertoa izango da Modernarena. 

«Albiste oso positiboa da. Datozen zazpi edo hamar egunetan txertoaren dosiak jasotzen hasiko ginateke, eta, Moderna konpainiak jakinarazi digunez, datozen sei asteetan txertoaren 600.000 dosi inguru jasoko ditugu», zehaztu du Illak.

Osasun ministroak azaldu duenez, txertoak Ministerioaren biltegi batera helduko dira eta modu parekidean banatuko dituzte erkidegoeen artean. Illaren arabera, Modernaren txertoak ez ditu Pfizerrek eta BioNTechek garatutakoak dituen kontserbazio-ezaugarriak eta, hortaz, banaketa «ez da hain konplexua izango». 

«Lehenengoaren teknologia bera duen txertoa da, RNA mezulariarena, eta segurtasun eta eraginkortasun maila oso antzekoa du», nabarmendu du.

Koronabirusaren aurkako bigarren txertoa iristeak Estatuan aurrez onartuta zegoen txertaketa plana ez duela aldatuko ziurtatu du Osasun ministroak, Europar Batasunak zazpi txerto eskuratzea aurreikusita zegoelako.

Hori esanda, Gobernu espainolaren aurreikuspenak aipatu ditu ministroak: maiatzerako edo ekainerako 15 edo 20 milioi herritar txertatuta egotea eta udan herritarren %70 jada immunizatuta egotea.

«Gurutzaldi-abiadura»

«Gurutzaldi-abiadura hartzen joango gara. Orain, Pfizerren txertoaren dosi berriak jasoko ditugu, Modernaren txertoa ematen hasiko gara, eta beste batzuk berrikusten ari dira Sendagaien Europako Agentzia, eta, beraz, uste dugu udan txertoa jaso duten biztanleen %70era iritsiko garela», azpimarratu du Illak.

Hala ere, ministroak ez du erkidegoetan txertoa emateko abiadurari buruz hitz egin nahi izan, eta Gobernuak «rankingik» egingo ez duela adierazi du, guztiak «ahalik eta lasterren» eta «segurtasun eta eraginkortasun» irizpideekin administratzen ari direla uste baitu.

«Egiten ari den lana ezagutzen dut eta egun gutxi barru abiadura hartuko dugu. Hau sakoneko lasterketa bat da, ez esprint bat, eta helburua hilabeteak iraungo dituen sakoneko lasterketa bat egiteko martxan jartzea da», azpimarratu du.

Militarrik ez, momentuz

Era berean, Bartzelonan egin duen agerraldian, Margarita Robles Defentsa ministroak Armadak herritarrak txertatzeko kanpainan parte har dezaten egindako eskaintza eskertu du Illak, baina argitu du uste duela osasungintza publikoan kanpoko laguntzarik gabe lan hori aurrera ateratzeko «baliabide nahikoak» dituela.