Zinema eta zientziaren arteko konexio erakargarriaz pantaila handian gozatzeko zikloa

‘Zinema eta zientzia’ zikloak laugarren urtez abiatuko du edizio berria ostiralean Donostiako Tabakaleran, Bilboko Arte Ederretako museoan ere eskainiko da programazio bera, larunbatetik aurrera, ordea. Bi diziplinen arteko «konexio erakargarria» uztartzea du helburu.

‘Zinema eta zientzia’ zikloa ostirala honetan abiatuko da Tabakaleran, larunbatean Bilbon. (Jon URBE I FOKU)
‘Zinema eta zientzia’ zikloa ostirala honetan abiatuko da Tabakaleran, larunbatean Bilbon. (Jon URBE I FOKU)

Zinemaren bidez zientziaren galdera handiak, misterioak eta erronkak ulertu daitezkeela sinetsita, eta azken urteotan bi dizplinak uztartuz oso egitasmo interesgarriak eskaini daitezkeela erakutsi ondoren, laugarren urtez abiatuko da ostiral honetan, hilaren 8an, ‘Zinema eta zientzia’ zikloa. Euskadiko Filmategiak, Zinemaldiak eta Donostiako International Physics Centerrek (DIPC) elkarlanean antolatuta, Tabakaleran izango da lehen emanaldia, 18.00etan.

‘El hombre que conocía el infinito’ luzemetraiak irekiko du urtarrila eta martxoa bitartean luzatuko den programazioa; larunbatarekin aipatu pelikulak Bilboko Arte Ederretan emango dio abiapuntua programazio berberari, ordu berean. Matt Brown zinemagileak 2015ean zuzendu zuen lana Pedro Miguel Etxenikek aurkeztuko du eta ondoren, beste emanaldi guztietan bezala, «nazioarteko izen handiko zientzialariekin aurkezpenak eta solasaldiak izango dira».

Zikloaren xehetasunak ostegun honetan eman dituzte, Tabakaleran izandako aurkezpen ekitaldian. Joxean Fernandez Filmategiaren zuzendariak adierazi duenez, orain arte ikuslegoak erakutsi duen erantzunari helduta, helburua bete da, alegia, zinema eta zientzia uztartuz publikoa aretoetara eramatea. «Zinema eta zientziaren arteko konexio erakargarria bilatzen dugu, kalitatezko zinema maila goreneko ezagutzarekin uztartzea», esan du.

Guztira, aditzera eman dutenez, hamar pelikula eskainiko dira: ‘El hombre que conocía el infinito’, ‘Imitazio jokoa’, ‘Los dientes del diablo’, ‘Gritos y susurros’, ‘Contagio’, ‘Johnnyk bere fusila hartu zuen’, ‘Emakumea ilargian/La mujer en la luna’ (koronabirusaren krisialdiaren ondorioz aurreko edizioan bertan behera utzi ondoren programatu da berriro ere), ‘Madame Curie’, ‘La amenaza de andromeda’ eta ‘El milagro de Ana Sullivan’. Tabakaleran zein Bilboko Arte Ederren museoan eskainiko diren lan hauez gain, emanaldi bereziak izango dira: Kimuak 2020-eko lanak eta ‘Alegria kapitaina/La capitana alegría’.

Zientzialariak hiru filmetako protagonistak izango dira: Ramanujan matematikari indiarra, Turing polifazetikoa eta Marie Curie aitzindaria ‘Radioactive’ filmean. «Urtero saiatzen gara zientzialari baten figuraren gainean lanak eskaintzen, eta beti ez da erreza kalitatezko pelikulak topatzea», onartu dute. Izen propioez gain, programazioan topa daitezke klasikoak, osasungintzari egindako erreferentziak, hausnarketa mahai gainean jartzen duten lanak, hala nola muturreko egoerak planteatzen dituztenak eta gaur bizitzen ari garen pandemiarengandik hain urrun ez daudenak.

Jakina, koronabirusaren gaia ez da jorratu gabe utzi eta aurten bi film eskainiko dira hausnarketarako lagunduko dutenak, bai zientzia fikzioaren esparruan (‘The Andromeda Strain’), zein ikuslegoari ezaguna egingo zaion egoera deskribatzen duen film batean (‘Contagio’).

Edizioaz zenbait xehetasun

Zinemaren bidez zientzia azaltzeak ikaslegoan erakargarria izan daitekeela ohartuta, eskoletako neska-mutilak ziklora hurbildu dituzte aurreko edizioetan eta iaz Belodromoan emanaldirik egin ez bazen ere, aurten espazio hori errekuperatzea dute helburu. Pandemiaren egoerak utziko ez balu, 2020an egin bezala, emanaldiak eskoletan bertan eskainiko dituzte, hausnarketak, eskulanak eta beste ekimen batzuk proiekzioarekin lotuz.

Edizio honek ere beste aldaketa batzuk ekarriko ditu, izan ere aurrekoetan ez bezala, emanaldi guztiak ordubete aurreratu dira, alegia, 18.00etan hasiko dira, ‘Emakumea ilargian’ izan ezik. Honen luzera aintzat hartuta, 17.00etan hasiko da. Helburua betiko formatuari eustea zen, hau da, emanaldia eta ondoren zientzialari eta ikerlarien hitzartzea egitea. Osasun neurrien ondorioz ezarrita dauden ordutegiekin bete ahal izateko hartu dira erabakiok.

Bestetik, Donibane Lohizunen hiru pelikula eskainiko dira Cinema Le Select aretoan eta programatuta dauden bi emanaldi bereziak. Urtarrilean ez da izango, hala aurreratu du Joxean Fernandezek, aretoak itxita daudelako Estatu frantsesean. Espero dute otsailean izatea.

Sarrerak dagoeneko salgai daude Tabakalerako web gunean, eta emanaldi bakoitzaren egunean bertan, ordu erdi lehenago, erosi ahal izango dira arte garaikidearen zinema leihatilan. 3,50 euroren prezioa dute sarrera guztiek ‘Emakumea ilargian’ izan ezik, 7 eurokoa baita. Pelikula mutu honi Javier Perez de Azpeitia piano jotzaileak soinu banda jarriko dio zuzenean.