NAIZ
BILBO

Amatasunaren ertzak, Pabellon 6ek eta Arriagak estreinatuko duten antzezlanean

Amatasunaren inguruan Nuria Labarik idatzitako ‘La mejor madre del mundo’ nobela arrakastatsu, apurtzaile eta kitzikagarria eraman du antzerkira Pabellon 6ek, Arriaga antzokiaren laguntzarekin. Asteburuan estreinatuko da Bilboko antzokian.

Leire Ucha aktore bilbotarra da antzezlanaren protagonista. (PABELLON 6)
Leire Ucha aktore bilbotarra da antzezlanaren protagonista. (PABELLON 6)

Urtea modu interesgarrian hasiko da Bilboko Arriaga antzokian. Horren erakusgarri da asteburu honetako ‘La Mejor Madre del Mundo’ antzezlanaren estreinaldia (bihar, ostiralean, hilaren 8an, eta larunbatean, hilaren 9an, 19.00etan). Antzezlana, Nuria Labari idazle eta kazetari kantabriarraren izen bereko eleberri zirraragarriaren antzerkirako egokitzapena da. Nobela 2019an argitaratu zen, kritikaren eta publikoaren laudorioen artean. Kritikoen esanetan, «erraietatik idatzitako kronika zintzoa da». Orain, eta testu horretan oinarrituta, Juana Lorrek istorioa antzerkira egokitu eta zuzendu egin du.

Bertan, Leire Uchak antzezten duen emakume batek bere burua kontatzea erabaki du, amatasunaren esperientziaren epizentrotik. Haizea Águilak, Karmele Larrinagak, Eneritz García Alonsok eta Iñaki Marurik osatzen dute antzezleen zerrenda.

Hauxe Pabellón 6ek Arriaga Antzokiaren elkarlanarekin egindako ekoizpena da. Arriagan estreinatu eta gero, antzezlana Pabellón 6en izango da ikusgai, urtarrilaren 14tik otsailaren 7ra arte.

Amak emakumea irentsi ez dezan

«Amek ez dute idazten. Amak idatzita daude». Esaldi horrek laburbiltzen du antzezlana. Izan ere, zera planteatzen baita: izugarrizko ahalegina egin behar duzula bilakatu zaren ama horrek zu zaren emakumea irentsi ez dezan, edo zu zaren emakume horrek izan nahi duzun ama bazter ez dezan. Baina istorioa ez da hor hasten, askoz lehenago baizik. Artean iritsi gabe zegoen seme-alaba absentzia bat besterik ez zenean, ate-joka zebilena eta zirrikitu guztietatik sartzen zena, garaiz kanpo abestutako sehaska-kanta balitz bezala.

‘La Mejor Madre del Mundo’ antzezlanak maitasunez, bertigoz, umorez eta itzalez osatutako zurrunbiloan murgildu nahi ditu ikusleak, sentipen horiek guztiak sortzen baitira ama garaikide baten gorputz eta buruan seme-alaba izateko nahia hasten denetik hazkuntzaren garai bete-betera arte. Ikuspegi berri bat esperientziaren epizentrotik, azkenean bere buruaren kontakizuna egitea erabaki duen eta Leire Ucha antzezleak gorpuzten duen emakume-ama bati esker. Harekin batera, Haizea Águila, Karmele Larrinaga, Eneritz García Alonso eta Iñaki Maruri, bere inguruan ari diren pertsonaiak interpretatzeko, guztien artean ikusleak hausnartzera behartuko dituen istorio hunkigarria eratuz.