Jon Ormazabal

Lehiakor izan ezinik jarraitzen dute Joseba Ezkurdia eta Ladis Galarzak (11-22)

Jokin Altuna eta Jon Mariezkurrena hasiera-hasieratik oso nagusi izan dira kantxa barruan bikote bezala batu ezinda jarraitzen duten Joseba Ezkurdia eta Ladis Galarza nafarren aurka. Altuna eta Mariezkurrenak bigarren garaipena lortu dute.

Huts batzuk egin dituen arren, Jon Mariezkurrena oso nagusi izan da atzeko koadroetan. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Huts batzuk egin dituen arren, Jon Mariezkurrena oso nagusi izan da atzeko koadroetan. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Asteleheneko partida zertxobait hobetu duten arren, Joseba Ezkurdia eta Ladis Galarzak lehiakor izan ezinda jarraitzen dute Binakako honetan eta txapelketako bigarren porrota jaso dute oso nagusi izan diren Jokin Altuna eta Jon Marizekurrenaren aurka. Egia da bikote nafarrak ez duela batere zorterik izan egutegiarekin, txapelketako bi bikote onentsuenen aurka jokatu dituztela euren bi partidak, baina ez batean eta ez bestean ez dira aurkariak estutzeko gai izan eta oraindik txapelketa asko geratzen den arren, badute kezkatuta egoteko motiborik; ez dira elkar ondo ulertzeko gai, bikote bezala ez dira batere batzen ari eta galdutako bi partidez harago, partida horietan irabazteko aukera bakarra ere izan ez izana dute kezka nagusia.

Eurek ez bezala, Altuna eta Mariezkurrenak berehala hartu dute elkar, nahiz eta atzelari nafarrak oraindik partida batzuk behar izango dituen bere mailarik onena berreskuratzeko. Gaur galdutako pilotaren bat izan du soberan, baina gehienean Ladis Galarza dominatu du eta Jokin Atunak bikain aprobetxatu ditu izandako aukera horiek. Berriozartarrak izan ditu bere gora-beherak gaurko partidan, ondo hasi, erdi aldera arazo batzuk izan ditu eta bikain amaitu, baina unerik txarrenetan beti izan du Jokin Altunaren laguntza, gabezia horiek ahalik eta gutxien antzeman zitezen.

Burua altxa ezinda

Gorrien partetik, Ladis Galarzak burua altxa ezinda jarraitzen du, pilota asko entregatuz eta hutsak nahi baino gehiago eginaz, baina Joseba Ezkurdia ere ez da izan, gaur gaurkoz, bere atzelariari behar duen laguntza emateko gai. Sarri ikusi izan dugu Arbizukoa laura jaitsi eta partidak aldatzen, baita txapelketa luzeetan une garrantzitsuenetara akituta heltzen ere, baina lehen bi partida hauetan aurrelari nafarra ere ez da fin aritu. Gaur bi tanto baino ez ditu amaitu, bata txokoan –Mariezkurrena heldu da baina jokaldia egiten saiatu da– eta ondo moztutako sake-erremate batean, gutxitxo bera bezalako aurrelari batentzat.

Gauzak horrela, hasiera-hasieratik hartu dute urdinek partidaren agintea eta hasieran alde handiagorik lortu ez badute, Ladis Galarzak bi eskapadatan, suertez egindako bi pilotakadengatik izan da (3-8). Izan dute susperralditxo bat (8-12), baina gehiago izan da aurkariek egindako hutsengatik eurak egindako tantoengatik baino eta partidaren bigarren zatian erraz nagusitu dira Altuna-Mariezkurrena, federik izan ez duten bikote baten aurka.

 

FITXA TEKNIKOA:

Ezkurdia-Ladis Galarza: 11

Altuna III.a-Mariezkurrena II.a: 22

Pilotakadak:402. Iraupena: 52,45 minutu. Markagailua: 0-1, 1-1, 1-4, 2-4, 2-6, 3-6, 3-8, 5-8, 5-11, 6-11, 6-12, 8-12,8-14, 9-14, 9-15, 10-15, 10-17, 11-17, 11-22. Sakeak: 0 Ezkurdiak eta 1 Altuna III.ak. Tantoak: 2 Ezkurdiak, 3 Ladis Galarzak, 11 Altuna III.ak eta 3 Mariezkurrena II.ak. Hutsak: 3 Ezkurdiak, 4 Ladis Galarzak, 2 Altuna III.ak eta 3 Mariezkurrena II.ak. Gorabeherak: Bergarako udal pilotalekuan jokatutako partida, ikuslerik gabe.