NAIZ

Jasotako koronabirusaren aurkako txertoen %46,5 jarri dira Nafarroan

Nafarroako Gobernuak astelehen honetan ziurtatu duenez, jasotako koronabirusaren aurkako txertoen %46,5 jarri dituzte dagoeneko, eta txertaketa plana «erritmo progresibo eta gorakorrean» ari da.

Nafarroako osasun zerbitzuetako langileei koronabirusaren aurkako txertoa jartzen. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Nafarroako osasun zerbitzuetako langileei koronabirusaren aurkako txertoa jartzen. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Nafarroako Gobernuak astelehen honetan jakinarazi duenez, jasotako koronabirusaren aurkako txertoen %46,5 jarri dituzte dagoeneko. Oro har, lehen bi asteak erreferentziatzat hartuta, 5.506 txerto eman dira. Hala, lehen astean 790 dosi jarri ziren, hau da, urtarrilaren 4tik 10era jasotako txertoen %13,5; baina bigarren saioan, berriz, jasotako dosien %80 jarri dira.

Gobernuak adierazi duenez, Lehen Mailako Arretaren mendeko Larrialdietako Zerbitzu Bereziko taldeek astelehenetik ostiralera lan egin dute, Errege eguna barne, Refenan eta zahar egoitzetan txertaketa hori egiteko.

Zentro horietako profesionalen eta egoiliarren erantzuna oso ona izaten ari dela adierazi du Gobernuak; izan ere, hitzorduak jaso dituzten pertsonen %92,5ek txertoa jaso dute dagoeneko. Halaber, gainerako %7,5aren zati bat berreskuratzea aurreikusten du, zitazio berriekin, hainbat arrazoirengatik (osasun egoera edo agenda arazoak, besteak beste) lehen itzuli honetan txertorik hartu ezin izan duten kasuetarako.

Gobernuak gogorarazi du Pfizer konpainiaren txerto horrek «nolabaiteko konplexutasun logistikoa» duela, bai eta emateko teknika ere; izan ere, bi dosi behar ditu, hiru asteko tartearekin. Hala ere, ez da kontrako ondorio garrantzitsurik izaten ari.

Oro har, lehen bi asteak erreferentziatzat hartuta, 5.506 txerto ipini dira, hau da, kanpainaren lehen hamabost egunetan Osasun Ministerioak banatutako Pfizer txertoen banaketan Foru Erkidegoari egokitu zaizkion 11.850 dosien %46,5. Atzo jaso zuten asteko zirkuituan sartuko den hirugarren sorta.

Etorkizuneko txertaketak

Gobernuak jakinarazi duenez, astelehen honetan hamabi egoitza-zentrotako edo erlijio-komunitatetako (Refenan ez ezik) mila pertsonari jarriko diete txertoa; beraz, urtarrilaren 21erako amaituko da lehen dosia eremu soziosanitario osoan ematea (13.000 pertsona baino gehiago), eta otsailaren 12an amaituko da kanpaina honen eta hamabostaldiko baheketen bidez blindatu nahi den eremu kaltebera horretako prozesua.

Aldi berean, osasun sistemako profesionalen (sare publiko eta pribatuko 16.000 langile baino gehiago) txertaketa hasiko da epe laburrean.