Arnaitz Gorriti

Jaylon Brown Bilbao Basketek Bambergen jokatu behar duen partidan izango da

Eskolta amerikarra ez zuen, nonbait, minik hartu larunbatean Valentzia Basketen aurka eta BCLko neurketan jokatzerik izango du F multzoko lider Bambergen kantxan. ACB Ligako ajeak ahaztu eta garaipena nahiko lukete Mumbrurenek.

Jaylon Brown Bambergen aurka arituko da Alemanian, joaneko jardunaldian Miribillan jokatu zuen bezala. (Marisol RAMIREZ / FOKU)
Jaylon Brown Bambergen aurka arituko da Alemanian, joaneko jardunaldian Miribillan jokatu zuen bezala. (Marisol RAMIREZ / FOKU)

ACB Ligako ajeak gutxi baino gehiago nozitzen ditu egun RETAbet Bilbao Basketek. Jaitsiera postuetan murgilduta eta Valentzia Basketen aurka 73-106 gadu ostean, ez dago berriketarik Bilbo aldean, baina gutxienez Jaylon Brown sano dago; gaitzerdi larunbatean itxura baten minez erretiratu ostean. Jaylon Brown taldean dela, beraz, «beltzezko gizonek» Bamberg liderraren etxean jokatuko dute astearte gauean  BCLko F multzoari dagokion bosgarren jardunaldian.

Ezin ahaztu Bilbao Basket gaur egun F multzoko bigarren postuan dagoela, Fortitudo Boloniari segidan bi neurketak irabazi ostean. Egia da Bamberg edota Pinar Karsiyakaren etxean –Turkian batez ere– nahitaez irabazi beharra duela FIBA Champions League delakoan aurrera egiteko eta astearte gauean, 20.00etatik aurrera –ETB4k zuzenean eskainia– F multzo honetan oraindik galtzea zer den ez dakien aurkaria izango duel aurrez aurre. Aurreneko itzulian 71-77 nagusitu ziren alemaniarrak Miribillan.

Ezin ahaztu ezta ere Rigo, Balvin, Serron, Hakanson eta Rouselle gabe jokatu beharko dutele Mumbrurenek, baina bestetik Jenkins, Aminu eta enparauek gero eta hobeto ari direla dirudite, eta Jaylon Brown tartean bada, hainbat hobe. Iñigo Betolaza eta Nahuel Del Val gazteak ere Alemanian izango dira.

Baita Alex Reyes ere. Hegaleko gaztearen hitzetan, «Ligari begiratu gabe, gogotsu heltzen diogu Bambergen aurkako demari. Valentzia Basketen kontra gaizki egin genituen gauzetatik ikasi gura dugu hemen garaipena lortzeko, are gehiago orain arte partida guztiak irabazi dituen aurkari honen aurrean. Taldea buru belarri zentratuta dago azkenengo porrota ahaztu eta zeozer ona egiteko», esan du Alemaniara joan aurretxoan.

Bi partida 80 puntutik gora

Acunsa Gipuzkoa Basketi dagokionez, berriz, Iberostar Tenerife ahaltsuari 89-87 irabazteak hirugarren garaipena baino askoz gehiago eman dio. Jaime Echenique galdu arren, eta Marcelo Nicola covid-19ak jota isolatuta egonagatik, denboraldiko hirugarren garaipena erdietsi zuen igande arratsaldean talde donostiarrak, Mike Carlsonek azken segundoan gauzaturiko hiruko bati esker.

Bestalde, nahiz eta Echenique falta –ez du gehiago jokatuko, eskuin belauneko tendoi errotuliarra hautsi ostean– denboraldi osoko puntu kopururik handiena lortu zuten donostiarrek. Batez beste 71.9 puntu sartzen ditu Gipuzkoa Basketek eta bigarren astez jarraian 80 punturaino iritsi zen. Aurrez Andorraren aurka ere 86 puntu saskiratu zituen talde gipuzkoarrak, baina luzapena behar izan zuen horretarako.

Ikusi egin behar puntuak sartzeko balizko erraztasun handiago horrek jarraipenik izango duen ala ez. Donostiarren hurrengo aurkaria Joventut zango da. Illunben 68-99 nagusitu ziren katalanak aurreneko itzulian eta hirukoz hiruko lehertu zuten partida. Egia da, bestalde, azken asteetan Badalonakoen defentsa lana asko apaldu dela eta puntu asko jasotzen dituela. Horri lotu beharko zaio Gipuzkoa Basket Palau Olimpicean laugarren garaipena eskuratu nahi badu.