NAIZ

Antton Troitiño kaleratzea onartu dute, erantsi zioten kartzelaldian larri gaixotu ondoren

Ustekaberik ezean, datozen orduotan espetxean 30 urte baino gehiago eman ondoren kalera aterako da Antton Troitiño, baldintzapeko askatasunean, eritasun oso larria eta sendaezina duelako. Erantsi zioten bigarren kartzelaldi honetan gaixotu da. Auzitegi Nazionalak 3. gradua onartu dio.

Antton Troitiño, este lunes en la Audiencia Nacional española. (POOL EFE)
Antton Troitiño, Auzitegi Nazionalean berriro epaitu zutenean. (POOL EFE)

Etxeratek baieztatu duenez, Antton Troitiño preso donostiarra aske uzteko erabakia hartu du Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zaintza Epaitegiak. Gaixotasun larria eta sendaezina duelako agindu du kaleratzea Jose Luis Castro epaileak.

Atzo kaleratutako auto batean, Troitiñoren osasun egoera dela eta, Auzitegi Nazionalak 104.4 artikulua (3. gradua) aplikatu dio eta baldintzapeko askatasuna eman dio. Autoaren arabera, Troitiñok «oso gaixotasun larri eta sendaezina du, eta neurri aringarrien bidez baino ezin da tratatu, eta, beraz, espetxean egoteak horiek zaildu ditzake».

Antza, oraindik bada Fiskaltzak horren kontra helegiterik aurkezteko eperik, baina egoeraren larritasuna ikusita aurkako joerarik ez hartzea espero da.

Etxeratek «besarkada handi bat» bidali die Troitiñori eta haren familiari eta bere laguntza eskaini die egoera zail honetan.

Azaldu duenez, Troitiño ez dago gaixotasun larriak dituzten 17 presoen zerrendan. Donostiako presoaren egoeraren jatorria espetxean jasandako muturreko baldintzak eta euskal presoek jasaten dituzten zigor luzeak direla salatu du, eta larriki gaixo dauden presoen berehalako askatasuna eskatu du.

2011 urtean amaitua zen zigorra

30 urte baino gehiago eman ditu preso Antton Troitiñok. Bere aurkako jazarpena ez zen amaitu kondena bukatzerakoan. 2011. urtean gertatu zen hau, Huelvan, espetxean 24 urte baino gehiago beteta, baina hurrengo egunetan zenbait hedabide espainiarretan eskandalu gisa aurkeztu zuten erabakia, Intxaurrondoko etxera kazetariak bidaltzera iritsiz, eta ondorioz Euskal Herritik joatea erabaki zuen. Honela gogoratzen zuten gertatutakoa Marrubi Troitiño alabak eta Mattin Troitiño ilobak, GARAri emandako elkarrizketa batean.

Hortik gutxira berriro kartzelaratzeko agindua eman zuen espainiar auzitegi bereziak. Ehiza moduko bat abiatu zen hor eta azkenean Londresen atxilotu zuten Troitiño, bai eta inputazio berria osatu ere: «berriro ETA erakundean sartu izana». Jakina da ordurako (2012ko ekainean) ETAk borroka armatua behin betirako utzia zuela. Hala ere, erakundearen zerbitzura jarri izana egotzi zion Auzitegi Nazionalak, estradizio prozesu luze bat abiatuz, zeinean donostiarra batzuetan aske eta beste batzuetan preso egon zen. Segurtasun handiko espetxe den Belmarshen izan zuten.

2017. urtean britaniar auzitegiek ontzat eman zuten Espainiaratzea eta geroztiz espainiar kartzeletan egon da berriz Antton Troitiño. Ia sei urteko zigorra ezarri zion Auzitegi Nazionalak, berez inolako ekintzarik ez zuela egin ontzat emanda baina berriro «ETAren zerbitzura» egotea leporatuz. Madrilgo Estremera espetxean egon da orain arte.

Kartzelan eman dituen denbora tarte guztiak bilduta, 30 urte baino gehiago izan dute giltzapean. Luzeena, 1987tik (‘Madril komando’ko kidea izateagatik atxilotu zuten) 2011. urtera arte.