Andoni Arabaolaza

Gorabehera ugari K2 mendian jarduten duten langileentzat eta alpinistentzat

Nahiz eta orain arte inoizko 7.000 metroko kota goiztiarrena lortu den, azken egunetako ekaitz bortitz batek lehen eta bigarren kanpalekuak suntsitu egin ditu. Antza denez, eguraldia egonkortuko da, eta talde batzuk laugarren kanpalekura arte soka finkatzen saiatuko dira.

Berezia izaten ari zen K2 mendian (8.611 m) azken asteotan izan duten eguraldia. Neguan igotzeke dagoen azken zortzimilakoan lanean zeuden langileek zein alpinistek oso erritmo ona lortu zuten. Agian, inork espero ez zuena; izan ere, inoiz ez da 7.000 metroko kota hain azkar erdietsi. Eta hori Seven Summit Treks (SST) agentziaren eta Nirmal Purja taldearen arrakasta izan da.

Gogoratu behar dugu helburu historiko hori urrezko letrez idatzi nahi dutenen artean aurtengo neguan asko daudela. Denera, 60 langile eta mendizale bertaratu dira. Lau talde dira Abruzzien espoloia edo ohiko bidean kokatu direnak. Eta hain zuzen ere, kota hori lortzeko giltzak mendizale multzo horretan isla du.

Kanpaleku nagusira iristen lehenak John Snorri, Ali Sadpara eta Sajid Sadpara izan ziren. Abenduaren 6an den-dena antolatu zuten; hots, negu astronomikoa heldu baino lehen. Eta hori K2 edo Chogori mendian lehen aldiz gertatu da. Mingma Gyalje Xerpa, Dawa Tenzin Xerpa eta Kili Pemba Xerpa, berriz, abenduaren 18an oinarrizko kanpalekura iritsi ziren. Denbora galdu gabe ohiko bidea sokekin ekipatzen hasi ziren, eta, eguraldi egonkorrak lagunduta, iazko urtea bukatu baino bi egun lehenago aipatutako SST agentziaren hirukotea eta Nirmal Purja eta Mingma Gyalje Xerpa 7.000 metroko garaieran ziren. Hots, elkarrekin jardun zuen boskote horrek kota horretan azken lanak burutu zituen.

Ekaitz bortitza

Bi talde horiek, hots, SST agentziarena eta Purjarena pozarren ziren eginiko lan azkar horrekin eta lortutako garaierarekin. Alabaina, jakin bazekiten Karakorumeko mendilerroan dagoen zortzimilako horretan eguraldia arras aldatu eta muturrekoa bihurtzen dela. Eta Hertzainak musika taldearen abestiak esaten duen bezala: «Barealdiaren ostean dator ekaitza». Eta aurreikuspena bete egin da.

Bost egunekoa izan da, eta haizeak berebiziko protagonismoa izan du. Egoera pixka bat argitzeko, Tamara Lungerrekin talde txikia osatzen duen Alex Gavanek azpimarratu nahi izan du kanpaleku nagusian -34ºko tenperaturak jasan dituztela. Chogoriren gailurrean -66ºkoa omen zen. Baina muturreko hotz hori ez da arazo larriena izan, baizik eta haize erauntsiek eragindako triskantza. Hain zuzen ere, haizeteek lehen eta bigarren kanpalekuak suntsitu ditu.

Hilaren bostetik talde guztiak kanpaleku nagusitik irten gabe egon dira, baina atzo eguraldiak tregoa eman eta Purjaren taldea bigarren kanpalekura arte heldu zen: «Egundoko etsipena izan zen. Kanpaleku hori erabat hondatuta zegoen. Geure bi dendak eta tresneria guztia haizeak eraman zituen. Den-dena galdu dugu: lo-zakuak, koltxonetak, eskularruak, sukaldea… Egoera hau ikusirik, une jakin honetan hausnartu eta planifikazio osoa birplanteatu behar dut».

SST agentziak antolatutako bigarren kanpalekuaren egoeraren berri ez da eman. Antza denez, Purjak berak ez omen zuen ikusi (gorago antolatu dute), eta orain arte agentziaren langileak ez dira garaiera horretara igo. Bi talde horien jarraipena zintzilik dago, eta hurrengo egunetan behin betiko erabakia hartuko dute. Hots, aurrera jarraitu ala etxera itzuli. Beste taldeei dagokienez, aurreratu behar dugu bigarren kanpalekutik baino beherago altxatu dituztela dendak. Eta hauek ere ez dakite dendak eta tresneria ze egoeratan dauden.

Hala ere, eguraldi iragarpenek diotenez gaurtik aurrera lauzpabost egun on izango dituzte, eta heldu den larunbatean berriro okertuko da. Antza denez, egonkortasun horrek bultzatuta SST agentziak eta Purjaren taldeak Abruzzien bidean berriro sartu, bigarren kanpalekuaren egoera aztertu eta laugarren kanpalekura arte soka finkoa jartzen saiatuko lirateke.