Martxelo Díaz

Intsumisioa aztertzeko astebeteko jardunaldiak antolatu dituzte Zizur Nagusian

Intsumisioak izan duen bilakaera eta gaur egun duen indarra aztertuko dute Zizur Nagusian hilaren 18tik aurrera astebetean zehar antolatu dituzten jardunaldietan. Gaur egun ere desobedientzia tresna egokia dela nabarmendu nahi dute.

Policías tratan de detener a insumisos encadenados en una protesta. (Joxe LACALLE)
Protesta bat egiten ari diren intsumituak atxilotzen saiatzen da Polizia. “Si te mandan una carta” liburuan azaltze den irudia. (Joxe LACALLE)

Intsumisioaren nondik norakoak aztertzeko astebeteko jardunaldiak prestatu dituzte Zizur Nagusian, Udalaren Kultura eta Batzordearen laguntzarekin. Ekitaldi guztiak 19.00etan hasiko dira eta Kultur Etxeko Anfiteatroan izango dira, koronabirusa ez zabaltzeko beharrezkoak diren baldintzekin.

Antolatzaile lanetan aritu izan den Ramon Ortizek IRUINDARRAri azaldu dioenez, hasiera batean Zizurko Joxe Lacalleren ‘Si te mandan una carta’ liburuaren aurkezpena egiteko asmoarekin hasi zen. Lan eskerga egin zuten eta aurkezpen batetik astebeteko jardunaldiak antolatzera pasa dira.

Honekin batera, azkenaldian intsumituei egin dieten errekonozimendu ofizialak eskertzeko aprobetxatu dute. Iruñeko alkate zenean Joseba Asironek kartzela zaharra zegoen orubea Intsumisioaren parkea izendatzea eta Armadaren Etorbideari ere izena aldatu izana eta Uxue Barkos Nafarroako lehendakaria izan zenean intsumisioaren ingurukoak memoria historikoaren funtsean sartzea eskertu izan nahi dute.

Dena den, Ortizek nabarmentzen duen jardunaldien izpiritua ez da rockero zaharren istorioen bilduma bat egitea; intsumisioa eta desobendientzia gaur egun ere aldarrikapenerako tresna egokiak izan daitezkeela nabarmendu nahi dute. Eta lan horretan Zizurko gaztetxearen asanbladako kideen laguntza ezinbestekoa izan dela azpimarratzen du.

Egitaraua

Lehen mintzaldia hilaren 18an izanen da, «Intsumisioak atzo gaur eta beti. Feminismotik intsumisioari begirada bat» lelopean. Alexandra Bermudez Osorio erbestean den soziologo kolonbiarra, Marta Molinero Zizurko talde feministako kidea eta Ainara Bakedano espetxe-sistema heteropatriarkalean aditua arituko dira.

Hilaren 19an, berriz, intsumisioak gaur egun Zizur Nagusian duen errealitatea aztertuko dute ZIA, Jai Batordea, Esparru Gaztetxea, Rock Etxea, Sorginkale eta Kontsumo Taldearen eskutik.

«Intsumisio maritxuaren» txanda hilaren 20an helduko da, Xabi Santxez eta Oskar Sada «Gomi» zizurtarren eskutik. Biak EHGAMeko kideak dira.

«Barruan daramagun ‘balkoi-polizia’ hori nola ekidin» galderari erantzuten saiatuko dira hilaren 21ean egingo den saioan.

Joxe Lacalle Zizurko argazkilariak argitaratu berri duen ‘Si te mandan una carta’ liburuaren aurkezpena egingo dute hilaren 22an. Bertan, Nafarroan intsumituek bultzatu zuten mugimenduaren kronika egiten da, garaiko argazkiak erabiliz.

Eta jardunaldiei amaiera emateko Lander Garro zinegileak zuzendu duen ‘Bi urte, lau hilabete eta egun bat’ dokumentala proiektatuko da. Ikusitakoan solasalditxoa izanen da bertan agertzen diren hainbat lagunekin.