NAIZ

Bizkaitik AEBetarako emigrazioa, aurtengo Barandiaran Bekan ikergai

Zuriñe Goitia antropologo-ikertzaileak eta Asier Barandiaran filologoak osatutako lantaldeak irabazi du Barandiaran ikerketa bekaren aurtengo edizioa. 2021ean zehar, ‘Bizkaitarren emigrazioa Ameriketako Estatu Batuetara XX. mendean ikuspegi etnologiko batetik’ gaia landuko dute.

Boiseko euskal etxea. (BASQUE CENTER.COM)
Boiseko euskal etxea. (BASQUE CENTER.COM)

Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak ematen duen Barandiaran Ikerketa Bekaren 2021eko edizioak baditu irabazleak. Gaur aditzera eman duenez, iazko abenduaren 28an epaimahaiak egindako bileran, Zuriñe Goitia antropologo-ikertzaile hasiberriak eta Asier Barandiaran eskarmentudun filologoak osatutako lantaldeari esleitu zion saria. «Aurkeztutako lanen artetik bekaren oinarriei gehien egokitzen zen proiektua da; interesgarria eta anbizio handikoa. Azken emaitza irakurtzeko desiratzen gaude», aipatu du epaimahaiak.

Zuriñe Goitia 27 urteko gaztea da, Gizarte eta Kultura Antropologian Gradua egin zuen Euskal Herriko Unibertsitatean (2016), ’Bikaintasunez Graduatua’ ziurtagiriarekin amaituz. Asier Barandiaran filologoak osatzen du lantaldea, ibilbide luzeagokoa bizkaitarra. Ia, uda partean, Barandiaran ’Nafarren emigrazioa Ameriketako Estatu Batuetara XX. mendean: Mundu Berrian utzitako aztarna eta Nafarroan izan duen inpaktua’ izeneko ikerketa proiektuarekin, Nevada estatu iparramerikarreko Reno hirian kokatua dagoen University of Nevada, Reno-ko Center For Basque Studies-en egoitzan urtero edo bi urtean behin egin ohi den ikerketa egonaldirako izan zen hautatua.

Ikuspuntu etnologikotik

Eta zertan datza Barandiaran Bekara aurkeztutako proiektu proposamenak? «Proiektuaren helburua XX. mendean zehar Bizkaitik Ameriketako Estatu Batuetara egindako emigrazioa ikertzea da –aipatu du talde irabazleak–. Bizkaia osoko emigrazioa irudikatzeko lagin bat aukeratu nahi izan dugu, emigrazio hori berori aztertzeko Istorio indibidualek asko dute komunean baina, era berean, bakoitzak bere idiosinkrasia du, horregatik, gure asmoa beka honen bidez gaia modu kualitatiboan ikertzea da. Gainera, denbora kontua da testigantzak jasotzeko ezintasuna aurki izatea, migratzaileak izandakoak (batzuk AEBetan bizi dira eta beste batzuk itzuliak) adinean sartuta baitaude. Beraz, lan honen beharrezkotasunak bultzatu gaitu elkarrekin gaiari sustapen garrantzitsu bat ematera».

Gaia ikuspuntu etnologikotik aztertuko dute, eta hori omen da ikerketa mailan egingo duten ekarpen nagusia. Jose Miguel Barandiaranen ikerketa metodologia aplikatuko dute, horrela lehenengo pertsonan jasotako elkarrizketak izango dira ikerketaren sostengu nagusiak eta bizkaitar emigranteen aniztasunean oinarrituko dira lagin esanguratsua lortzeko. Gainera, emakumeei atal berezia eskaini nahi diete, aipatu dutenez, euren ahotsa eta testigantzak espresuki jasoz.

Era berean, emigrazio horren eraginez bai migratzaileen jatorriko gizartean eta baita helburuko gizartean gertatu ziren kultura aldaketa eta berrikuntzetan jarriko dute arreta berezia, hala nola, ohitura, hizkuntza, mundu ikuskera eta ideia aldaketetan.

«Ikerketa bi eremutan banatu dugu, batetik Bizkaian eta, bestetik, Ameriketako Estatu Batuetan –diote–. Gure asmoa uda partean Ameriketara bidaiatzea da, bertako agiritegietan arakatu eta elkarrizketak aurrez-aurre egiteko, baina bizi dugun pandemiak sortutako ondorioak zorrotzak izaten jarraituko balute, bigarren fase hori modu telematikoan gauzatzea da gure asmoa, horretarako baditugu kontaktuak eta lagundu ahal diguten pertsonak eta baliabideak».