NAIZ

Euskalgintza arnasberritzeaz gogoeta egingo da Sorturen Plaza Hutsa jardunaldian

Urtarrilaren 22an eta urtarrilaren 29an izango da Euskararen Plaza Hutsa tailerra. Sortuk azaldu duenez, «bertan euskalgintzaz gogoeta egin eta antzematen ditugun erronken inguruan aritzeko». Covid-19ak eragindako pandemiaren ondorioz telematikoa izango da aurtengo edizioa.

Urtarrilaren 22 eta 29rako Plaza Hutsa jardunaldia antolatu du Sortuk. Pello Otxandiano Sorturen Kontseilu Nazionaleko kideak eta Olatz Egiguren Herrigintza lan-taldeko kideak azaldu dutenez, aurtengo edizioa monografikoa izango da, eta euskalgintza arnasberritzeaz gogoeta-ariketa sakona egingo da, ikuspegi ezkertiar eta independentistatik betiere.

Eztabaida eta mahai-inguruetan euskalgintzaren mugimenduan erreferentziazko izenak izango dira. Dena den, pandemia egoera dela eta, Euskararen Plaza Hutsa telematikoa izango da.

Euskalgintzaren baitan sei gai landuko dira modu sakonean: egoera soziolinguistikoaren azterketa, aterki ideologikoaren eraberritzea, hizkuntza-politika, euskalgintzaren eraberritzea, arnasguneak eta kulturgintza. Gai horietako bakoitza mahai-inguru banaren bidez landuko da eta horretarako hainbat hizlari izango dira.

«Duela bi urte irekitako gogoeta prozesuaren hirugarren fasea itxiko dugu horrela. Plaza Hutsa jardunaldiaren ostean gogoeta herri eta auzoetara eramango da, dokumentua behin betiko itxi aurretik. Gogoeta hori jasotzen duen dokumentuaren arabera, euskalduntze prozesuaren agorpena bizi dugu eta garaiko bulkadaren inertziak ari gara kudeatzen. Dauzkagun datuekin, eta galera-irabazien arteko erlazioa gorabehera, euskararen etorkizunak gutxieneko bermea duela esan ahal izatetik urrun gaude, baita euskarak posiziorik onena duen lurraldeetan ere», azpimarratu dute.

Euskalgintzak azken hamarraldietan eginiko ibilbideari ere erreparatu diote. Izan ere, «euskalgintza erakundetu egin da, azpiegitura asko sortu den bitartean, bidean lausotu egin da mugimendua. Horrez gain, dugun erronka handietako bat da aterki ideologikoa berritzea. Diskurtsoa berritu ahal izateko, besteak beste, hizkuntza-gatazka identitate-auzi hutsetik atera beharko litzateke. Hizkuntza-eskubideen aldeko borroka botere harremanak eraldatzearekin lotzen da beraz, eta justizia sozialean eta demokrazian oinarritzen den beste jendarte eredu baten aldeko ekimena da».

Edonola ere, euskalduntze fase berri baterako lau ildo estrategiko proposatzen ditu dokumentuak: hizkuntza politika berri baterako adostasunak eraikitzea, mugimendu euskaltzalearen biziberritzea, euskalgintza biziberritzeko bide berriak abiatzea, arnasguneak indartzea eta herri kontakizuna birsortuko duen bulkada kulturala.

Jardunaldian Olatz Altuna, Asier Etxenike, Idurre Eskisabel, Andoni Olariaga, Onintza Odriozola, Josu Amezaga, Arkaitz Fullaondo, Paul Bilbao, Mikel Aiartzaguena, Andere Ormazabal, Gotzon Barandiaran, Dabid Anaut, Miren Segurola, Iratxe Retolaza, Garbiñe Ubeda eta Ximun Fuchsek parte hartuko dute.