Arnaitz Gorriti

Valentziara joan aurretik, Caceresen geldialdia egin behar du Lointek Gernika Bizkaiak

Emakumeen Ligako hamalaugarren sailkatua da Extremadurako taldea eta orain arte bizkaitarrek baino zazpi garaipen gutxiago pilatu ditu. Gernikarren entrenatzaileak bere taldeasren «tamaina handiagoa» eta «baloi mugimendua» baliatu gura ditu Al-Qazeresi irabazteko.

Orkatilako arazoak konpontzearren, printzipioz Roso Buchek ez du Caceresen jokatuko. (Endika PORTILLO / FOKU)
Orkatilako arazoak konpontzearren, printzipioz Roso Buchek ez du Caceresen jokatuko. (Endika PORTILLO / FOKU)

«Caceresen ostegunean jokatzen saiatu ginen, baina Al-Qazeres ez zegoen prest. Jokalari fitxatu berriak ditu eta astelehenean aurrez atzeratutako partida bat jokatu behar izan du, lau junior tartean direla, jokalari berriak ez baitute baimenik izan bertan parte hartzeko. Beraz, Valentziara joan aurretik ostiral honetan Caceresen egin beharko ditugu egitekoak eta gero pentsatuko dugu zehatzago Eurocupeko faseari buruz». Mario Lopezek asteartean emandako prentsaurrekoaren pusketa bat izan da hau. Izan ere, Europako lehiaketei begira jardun arren, ostiral honetan Emakumeen Endesa Ligari lotuta egon beharko du talde bizkaitarrak.

Al-Qazeres, Emakumeen Ligako hamalaugarren sailkatua izango da gernikarren arerio 17.00etatik aurrera. Merve Aydin eta Maria Fasoula joan berri zaizkio pasa den asteburuan Donostian galdu ostetik honantz, eta haien lekuan Alexis Jones, Petra Zaplatova antolatzailea eta Fiona Odwyer hegalekoa fitxatu dituzte, Gernikan bertan jokatzea zer den badakiten Vicky Llorente pibot argentinarra eta Eleanna Christinaki greziarra ahaztu gabe.

Burua Valentzian behar bezala izateko, lehenengo Caceresen lanak ahalik eta txukunen egin behar dira. Egia da, bai, zazpi garaipenen aldea dagoela bizkaitarren eta Etxremadurakoen artean –12 Gernika Bizkaiak, 5 Al-Qazeresek– baina Mario Lopezek ez du larregi fidatzerik nahi.

«Beraiek baino handiagoak gara eta hori baliatu behar dugu. Defentsako errebotea ongi itxi beharko dugu eta horrela beraien defentsa osatzeke dela erasotzerik izango dugu. Bestalde, barruan baloirik sar ez ditzagun ahaleginduko dira. Horren aurka kanpotik eraginkorrak izan beharko dugu eta horretarako baloia ganoraz mugitzea egokituko zaigu», adierazi du Lointek Gernika Bizkaiako entrenatzaileak.

Paula Ginzo pibot kantabriarrarentzat partida berezia izango da, 2018tik 2020ra bertan jokatu baitzuen. Horrez gain, Roso Buchek ez du jokatuko, datorren asteartera begira itxarotea deliberatu du talde bizkaitarrak, orkatilako lesio bat gainditu berri du-eta.