Andoni Arabaolaza

Bihar izango ote du K2 mendiak egun historikoa?

Mingma Gyalje Xerpa, Mingma Tenzi Xerpa, Mingma David Xerpa eta Sona Xerpak osatutako taldeak gaur 7.800 metroko kota erdietsi du; hots, 2003. urtean Denis Urubkok iparraldeko isuritik lortutako garaiera bera. Ondobidean, gaur gauean gailurrera iristeko asmoarekin 4. kanpalekutik irtengo dira.

Lasai asko esan daiteke, K2 edo Chogori mendia (8.611 m) neguan lehen aldiz igotzeko jarduten duten talde ezberdinen lanek emaitza ikaragarri onak izan dituztela. Erdizka bada ere, egun historikoa izan da; izan ere, 2003. urtean Denis Urubkok erdietsitako kota bera berdindu dute. Protagonistak honakoak izan dira: Mingma Gyalje Xerpa, Mingma David Xerpa, Mingma Tenzi Xerpa eta Sona Xerpa. Hauek guztiek 7.800 metrora dagoen laugarren kanpalekua altxatu dute.

Xerpa etniako lau langile zein alpinista hauek bi talde ezberdinetako kideak dira; hain zuzen ere, Seven Summit Treks (SST) agentziarena eta Nirmal Purjak zuzentzen duen espedizioarena. Laugarren kanpalekua antolatu ondoren, hirugarrenera gaua igarotzera jaitsi dira. Gogoratu behar dugu ere, beste sei kidek atzo hirugarren kanpalekura arte (7.600 m) soka finkatu zutela. Beraz, gailurrerako ekinaldia egiteko une honetan hamar mendizale hirugarren kanpalekuan bildurik daude.

Itxaropen handia

SST agentziaren buru Mingma Xerpak aurreratu du talde hori prest dagoela datozen orduotan tontorrera abiatzeko: «Historia egitetik oso gertu daude. Biharko eguraldiaren iragarpena ona da, eta uste dugu aukera handiak daudela gailurra lortzeko». Aipatutako lau alpinista horiekin batera beste honako seik jardungo dute: Nirmal Purjak, Mingma Tenzing Xerpak, Geljen Xerpak, Pem Chiri Xerpak, Dawa Tempba Xerpak eta Kili Pemba Xerpak.

Irakurtzen den bezala, 7.800 metrora arte soka finkatu eta laugarren kanpalekua altxatu dute. Beraz, beste 800 metro geratzen zaizkie tontor historiko hori erdiesteko. Alabaina, azken tarte hori ez dakite ze egoeratan dagoen, eta aurreratu behar dugu, besteak beste, arriskutsua eta teknikoa dela.  Hau da, Bottlneck izenekoaren eta serac erraldoiaren artekoa. Bestalde, ez dute argitu taldekide guztiek oxigeno artifiziala erabiliko duten ala ez. Alpinista horien artean Mingma Gyalje Xerpak eta Nirmal Purjak aurreratu zuten uko egingo ziotela erabilera horri.

Bien bitartean, Sergi Mingote katalanak eta Juan Pablo Mohr txiletarrak ezin izan dute Piramide Beltzaren goi aldean dagoen hirugarren kanpalekura (7.350 m) heldu. Kanpaleku hori 6.950 metrora antolatu dute, eta era horretara girora egokitzeko fasea amaitutzat eman dute. Bi alpinista hauek oxigeno artifizialik gabe eskalatzen ari dira.