
Liberoamerika literatura plataformak iaz deitu zuen aurrenekoz Euskal Herrian idazle gazteen testuak biltzeko deialdia eta aurten segida eman dio arrakastaz ireki zuen bide horri. Hautatutako lanak ‘Izotzetan islatuak’ antologia liburuan bildu baziren, asmoa bertsua da oraingoan ere, plataformak berak ohar bidez azaldu duenez.
Bigarren deialdi honetara euskaraz idatzitako literatur lanak aurkez daitezke, aurrekoan egin bezalaxe, eta originalak eta aurretik argitaratu gabeak behar dute izan. Egile moduan 30 urtetik beherako pertsonek parte har dezakete, edozein delarik haien jatorria edo bizilekua.
Aurten, ordea, literatura lanek luzeagoak izan behar dute; hala, gutxienez 40 orrialde eta gehienez 80 orrialde izan behar dituzte. Luzeran muga egon badago, ez ordea generoa, gaia edo estiloari dagokionez, betiere euskaraz idatzita badago. Hala ere, deitzaileek azpimarratu dutenez, «literatura tradizionalarekin apurtzen duten lanek lehentasuna izango dute: poema bildumak, narrazio laburrak, prosa poetikoa, egunerokoak, intertestuak, lan hibridoak, literatura esperimentala…».
Lanak emailez bidali beharko dira liberoamerika.euskara@gmail.com helbidera eta mezuan bertan egileak biografia labur bat bidaliko du, bereizitako dokumentu batean.
Asmoa bakarkako lanak argitaratzea den arren, elkarlanean idatzitako lanak ez dira baztertuko, eta aukeratutako lanak Liberoamerika argitaletxean argitaratuko dira, egile-eskubideak ohiko moduan ordainduz idazleari.
Jatorrian Latinoamerikako literatura sustatze aldera jaio zen Liberoamerika ekimena Bartzelonan, baina, iaz, arreta Euskal Herrian jarri eta bertan editore taldea sortu ondotik iragarri zuten euskal idazle gazteen lanak biltzeko asmoa. Leire Alonso eta Iosune de Goñi dira literatur plataformaren euskal editoreak. Guztira 44 proposamen heldu ziren haien eskuetara eta horietatik 24 aukeratu ziren argitaratzeko.

Bahía de Pasaia, reconocida como «ejecución extrajudicial» en un informe para Lakua

El profesorado de la Universitat de Barcelona da la espalda a Repsol
Vers un doublement des buralistes à la frontière entre la Navarre et le Pays Basque Nord

EH Bildu le pisa los talones al PNV en Gipuzkoa: se sitúa a solo 1,3 puntos
