NAIZ

Zinemaldian parte hartu nahi duten filmek izena emateko epea zabalik dute

Donostia Zinemaldiaren 69. edizioan parte hartu nahi duten filmek lehen hautaketarako sarean izena emateko epea irekita dute jada, ekainaren 15era arte. Nazioarteko estreinaldiek lehentasuna izango dute hautaketa egiteko garaian; hala ere, sail bakoitzak bere baldintzak eta zehaztasunak ditu.

Iaz Viggo Mortensen aktoreak jaso zuen Donostia saria Zinemaldian. (Jagoba MANTEROLA I FOKU)
Iaz Viggo Mortensen aktoreak jaso zuen Donostia saria Zinemaldian. (Jagoba MANTEROLA I FOKU)

Donostiako Zinemaldiaren 69. edizioa irailaren 17tik 25era izango da eta ostiral honetan bertan antolakuntzak baieztatu duenez, bertan parte hartu nahi duten filmek lehen hautaketarako sarean izena emateko epea irekita dute jada.

Zinemaldiko programazioa osatzen duten sail guztietarako eman ahal izango da izena, WIP Latam eta WIP Europaeta Nest izan ezik, berezko deialdia izango baitute ekainean, eta orain ez dute izenik eman behar. Lehen hautaketarako film luzeen onarpena ekainaren 15ean amaituko da, ohar bide jakinarazi dutenez.

Aurreko urteetan bezala, izena emateko inprimakian, filmean parte hartzen duten zenbait kargudunen generoa adierazteko eskatuko da. Hain zuzen, honako kategoria hauetako datuak eskatuko dira: zuzendaritza, produkzioa, gidoia, muntaketa, argazkia eta musika.

Zinemaldiaren arduradunek jakinarazi dutenez, parte hartzeko arauen inguruko informazio guztia, sail ezberdinetako arautegiak –bakoitzak bereak propioak baititu–, hala nola izena emateko sareko formularioa www.sansebastianfestival.com atarian dago eskuragarri. Hala ere, komeni da datu orokor batzuk aintzat hartzea.

Mundu osoko edo nazioarteko estreinaldiek lehentasuna izango dute hautaketa egiteko garaian; hala ere, Zinemaldiaren sail bakoitzak bere baldintzak eta zehaztasunak ditu.

Oso-osorik Estatu espainiarrean ekoitzi diren eta Sail Ofizialean edo Zuzendari Berriak sailean parte hartu nahi duten filmek, baita Euskal Zinemaren Irizar Saria eskuratu nahi duten lanek ere, mundu osoko estreinaldiak izan beharko dute. Gainera, Zinemaldiaren aurretik ezingo dira beste inolako zinema-jaialditan erakutsi, ez herrialdekoa ez nazioartekoa, ezta publikoki estreinatu edo eman ere.

Estatutik kanpo ekoitzitako edo koproduzitutako filmek ezingo dute Donostiako hitzorduaren aurretik egingo den beste inolako zinema-jaialditan parte hartu, salbu eta FIAPFek «lehiazkoak ez diren» zinema-jaialditzat harturikoetan edota ekoitzi diren herrialdeko zinema-jaialdietako lehiaketa nazionaletan.

Izen-emandako film luzeek, era berean, gutxienez 60 minutuko iraupena izan behar dute eta Zinemaldia hasi aurreko hamabi hilabeteetan ekoitzitakoak beharko dute izan.

Donostia Zinemaldiaren 69. edizioan aurkeztuko dituzten film guztiak hautaketa batzordeak aukeratuko ditu. Batzorde horretako buru zuzendaritza izango da, eta zinemaren munduan eta zinema-jaialdietan adituak diren profesionalez osatutako nazioarteko ordezkarien sare baten laguntza izango du.

Lehendabiziko hautaketan parte hartzeko izena emateko epea 2021eko ekainaren 15ean amaituko den arren, Zinemaldiaren zuzendaritzak film luzeak epez kanpo onartzeko eskubidea izango du.