Arantzazu Fernandez Iglesias

Gezurra sartu

‘Konpromisoa’ antzerkiaren kartela.
‘Konpromisoa’ antzerkiaren kartela.

Txaloren azken produkzioak Philipe Claudel nobelagile eta zinema zuzendari ezagunari zor dio meritu handiena. Biziak dira elkarrizketak, interesgarria gaia, M. Agirreren egokitzapena primerakoa. Joseba Apaolazak eta Ramon Agirrek osaturiko bikoteak ondo funtzionatzeaz gain, azpimarratzeko konplizidadea irabazten du Zuhaitz Gurrutxaga, hirugarren antzezlea, elkartzen zaienean. Finean, publikoaren oniritziaz, zuzen defendatzen dute testua. Bertan, modu atsegin eta umoretsuan, adiskidetasuna zertan datzan planteatzen digute, arrakasta lortu ez duten aktore eta  idazle lagun pare baten bitartez. Lehenbizikoak bere pisua saltzeko azken tratua ixteko laguntza eskatu dio bigarrenari, eta horra, bezeroa azalduko zaiela, etxeko egongelan bertan, kontratua sinatzeko.

Eta horra, koxka, etxeko egongelan bertan, non antzezlan guztia garatzen baita, boulevardeko komedietan gertatzen den legez. Kontua dugu, gure ustez, Claudelen testuak gehiago merezi duela, hots, pieza jantziagoa bat, eszenografikoki ez hain estatikoa, dramaturgia sendoagoa bat, alegia. Saibaitik zintzilikaturik ikusten dugun bonbilla bakartia ondo irudikatzen du musika zein soinu eta argien diseinuen pobrezia. Elementu horien presentzia sendoago baten falta sentitu dugu Konpromisoaren lehenbiziko atalean bereziki, eta geroxeago agertu badira ere, izaera landuago baten zain geunden, batez ere pertsonaien babeserako.

Hala ere, gabezia hori alde batera utzita, badago, dudarik gabe, lana gustura ikustea eta gozatzea. Endredoak bere puntu gorenean barre sanoak lortzen ditu barregarritasun adeitsuan. Giro horretan  aipamen berezia behar du antzezlanaren barruan antzerkia egiten ari direlako gaizki-ulertuak. Theatrum Mundiri keinua, bai eszena hori eta baita Konpromisoa zeharkatzen duen ideia: gezurra, gure alde denean, gezurra ez delako ustea.

Titulua: Konpromisoa
Testua: Phillip  Claudel
Itzulpena: Martin Agirre
Zuzendaria: Begoña Bilbao
Aktoreak: Joseba Apaolaza, Ramon Agirre, Zuhaitz Gurrutxaga.
Musika: Haritz Lete
Eszenografia: Asier Sancho Senosiain
Argiak: Julen Zaballa  
Noiz: Antzoki Zaharra (Donostia, 21/01/15)