Maite Ubiria

Herritarren nahia errespetatuz zubiak irekitzeko garaia dela aldarrikatu dute mugan

Pirinio Atlantikoen Prefeturak aste honetan agindu duen zortzi pasabideen itxiera salatzeko mobilizazio bina egin dute gaur Sarako herrian eta Irungo Santiago zubian. Euskal Herrian mugarik ez dela behar nabarmendu dute EH Baik eta EH Bilduk 200 bat lagun bildu dituen ekimen horien bidez.

Frantziar poliziak iraunkorki Santiago zubian atxikitzen duen kontrolaren gertu egin dute elkarretaratzea. (Guillaume FAUVEAU)
Frantziar poliziak iraunkorki Santiago zubian atxikitzen duen kontrolaren gertu egin dute elkarretaratzea. (Guillaume FAUVEAU)

Frantziar Estatuak indarrean eman duen Vigipirate segurtasun egitasmoaren baitan 4.800 bat polizi gehiago izanen dira Ipar Euskal Herriko herri, errepide zein pasabideen «zaintza» hartzen.

«Polizi horiek guztiak baino erizain gehiago behar dugu bizi dugun pandemiaren garaian», oroitarazi du EH Bairen izenean Arturo Villanuevak.

Pertsonen bizitzak eta premiak hartzeko garaia dela gaineratu du, eta horretarako, gaur eguerdian Santiago zubian deituriko ekimenarekin bat egin duten 150 bat lagunen aurrean mintzatuz «zubiak irekitzeko xede kaleak hartzen jarraitzeko» deia egin du, «guretzat mugarik ez delako» nabarmenduz.

‘Euskal Herrian mugarik ez’ zioen pankartaren atzean zegoen Itziar Varelak NAIZekin hizketan azaldu duenez «Hendaiako herritarrek ez dute inondik inora ulertzen zergatik itxi duten berriz ere muga», azaldu du.

Behobia eta Biriatuko pasabideak zabalik badira ere, gaur Santiagoko zubian ikus zitekeen bezala kontrol zorrotzak atxikiko ditu bertan frantziar Poliziak.

Iragan azaroan Emmanuel Macronen Gobernuak muga guztietan kontrolak berrezartzeko agindu zuenetik egunero «beharrezko jarduetarako» pasabide nagusi horiek zeharkatzen dituzten milaka herritarrek check-point horietan nahitaez gelditu behar dituzte.

Bertze pasabide bi, Hendaia eta Hondarribiua itsasoz lotzen duen txaluparen zenbitzua eta Hendaiako geltokitik gertu dagoen merkantzietarako zubia itxi dituzte.

Egoera dezente larriagoa da, oraindik ere, Sara. Herria kasik isolaturik gelditu da, Bera, Etxalar edo Zugarramurdiko auzoekin lotzen dituzten pasabideak hesitu baitituzte.

Urepele edo Baigorriko herritar bezala, saratarrek sekulako buelta beharko dute eman autoarekin beraien gertuko pasabideak itxita izanik bertze muga batetik bestaldera joateko lan egiterat edo familia ikustera. Egoera horren aitzinean muga irekitzeko dinamika «bizitzaren aldeko parioa» gisara defendatu du Villanuevak Santiago zubitik.

Interpelazioa espainiar Gobernuari

Iragan udaberrian mugaz bi aldetan pandemiari aurre egiteko aldarrikatu zen konfinamenduan oinarritu ziren bi estatuek mugen itxiera erabakitzeko.

Oraingoan «terrorismo yihadismoaren aurkako borroka» izan du aipagai Prefeturak zortzi bat pasabide ixteko. «Finean beraien polizi eskema errezago ezartzeko hartu dute erabakia, ez da beste arrazoirik, horrela pundu gutxiago dute zaintzeko», laburbildu du Varelak.

Espainiar Kongresuan EH Bilduk duen taldeko kide den Jon Iñarritu izan da gaur Irun eta Hendaia artean igaro den mobilizazioan. Mugen kudeaketa estatuen eskuduntza izanik aste honetan bertan EH Bilduk bai espainiar Kongresuan baita Senatuan ere interpelazio bana sartu duela baieztatu dio NAIZi.

Oraingo honetan, mugen itxierari egin aurretik, Iruñean eta Gasteizen jarduten duten espainiar Gobernuaren delegatuekin harremanetan jarri zela azaldu zuen Pauen bere egoitza duen Prefeturak.

«Zehazki galdera bat erregistratu dugu galdetuz ea zer nolako harremana izan zen bi gobernuen artean inolako zentzurik ez duen pasabideen itxierari buruz erabaki hori hartzeko», azaldu du Iñarrituk.

Diputatuak guztiz larritzat jo du Europako Batasunaren oinarrian den «pertsonen libreki ibiltzeko eskubidea murriztuz» hilaren 14an indarrean sartu zen mugen itxiera.

Euskal Elkargoak bere kezka plazaratu du egoeraren inguruan, Parisko gobernuari mugaz bi aldetan bizi diren herritarrei eta mugaz gaindiko langileri eginiko kalteak konpontzeko urratsak emateko galdetuz.

«Euroeskualde batean gaude, eurohiri batean ere, eta denbora guztian oztopoak jartzea alde batean edo bestean bizi diren herritarrei ez da onargarria, horregatik galdera egin dugu Madrilen, baina Euskal Herrian ere ondo legoke erakundeek zerbait esatea baitaere», gehitu du Iñarrituk.